EAEKO HAUTESKUNDEAK
Elkarrizketa prozesu bat eskaini die Otegik EAJri eta Ahal Duguri
AGENTZIAK | EITB.EUS
Hain zuzen ere, hiru arlotan egin die eskaintza EH Bilduko lehendakarigaiak: arlo soziala, burujabetza eta bakea.
Your browser doesn’t support HTML5 video
Eusko Legebiltzarrerako hauteskundeak egiteko hilabete baino gutxiago falta dela, proposamen politikoa eta soziala egin du EH Bilduk. Arnaldo Otegi EH Bilduren lehendakarigaia EAJri eta Ahal Duguri zuzendu zaie, baita eragile sindikalei eta sozialei ere. Akordioak lortzeko elkarrizketa prozesu batekin hasteko eskaini die buruzagi abertzaleak EAJri eta Ahal Duguri.
Hain zuzen ere, hiru arlotan egin die eskaintza Otegik: arlo soziala, burujabetza eta bakea. Elkarrizketaren helburua “subiranotasun osoa lortzeko herrialde mailako akordioa” dela esan du EH Bilduren zerrendaburuak. Estatuaren ezezkoaren aurrean, “hitzartutako erantzuna” prest izatea ere proposatu du.
Donostian, Miramongo Parke Teknologikoan, lurraldeetako zerrendaburuak ondoan zituela egin ditu Otegik adierazpenok. Espainiako legearen barruan “markoaren erreforma” egitea posible ez dela iritzi badio ere, “legegintzaldiaren lehen zatian berriro ere bide hori jorratzeko prest” agertu da.
Irailaren 25aren ondoren Legebiltzarra erabakitzeko eskubidearen aldeko gehiengoarekin osatuta izango dela sinetsita dago Otegi; “ezkerrera egingo du gainera”, gehitu du. Hori dela eta, EAJri eta Ahal Duguri aukera aprobetxatzeko eskaini die, “norabide horretan ibilbide orria zehazteko”.
Galdeketa loteslea izango duen “ibilbide orria adostearen alde” dagoela esan du, EAEko eta Nafarroako herritarrek nahi duten markoa “demokratikoki eta modu baketsuan aukera dezaten”. Estatuak herritarren erabakia blokeatuko balu, EH Bilduk “soilik euskal herritarrek erabakitakoari” begiratuko liokeela gaineratu du.