Irailaren 25eko hauteskundeak
Otegik apelazio-errekurtsoa aurkeztu du Auzitegi Konstituzionalean
agentziak | erredakzioa
Hemendik aurrera, Auzitegi Konstituzionalak hiru egun ditu Otegi EAEko hauteskundeetarako EH Bilduren hautagaietako bat izan daitekeen ala ez ebazteko.
Arnaldo Otegiren defentsak Gipuzkoako Hauteskunde Batzordearen erabakiaren aurkako apelazio-errekurtsoa aurkeztu du igande gauean Konstituzionalean, Otegiren izena ezin dela EH Bilduren hautagaitzan agertu erabaki ondoren, kargu publikoan aritzeko debekua ezarri ziotelako.
Auzitegi Konstituzionalak hiru eguneko epea du orain Otegi EAEko hauteskundeetarako EH Bilduren hautagaietako bat izan daitekeen ala ez ebazteko, justiziako iturriek eta EH Bilduk Europa Press albiste-agentziari jakinarazi dionez.
EH Bilduko agintariak administrazioarekiko auzi-errekurtsoa jarri zuen irailaren 2an, Gipuzkoako Hauteskunde Batzordeak lehendakarigai izateko inhabilitatuta dagoela ebatzi ostean abuztuaren 29an.
Victor Mora Administrazioarekiko Auzien Epaitegiko epaileak atzera bota zuen Otegiren defentsak aurkeztutako errekurtsoa, Otegik Gipuzkoako Hauteskunde Batzordearen erabakia bertan behera uzteko eta irailaren 25eko hauteskundeetara aurkezteko baimena eskatu ondoren.
Azken urrats judiziala da honakoa, eta Auzitegi Konstituzionalak hartu beharko du azken erabakia, hauteskunde-kanpaina hasi aurretik.
etik. etik.