EITB FOCUS
EAJk irabaziko luke I25ean; EH Bildu bigarren eta Podemos hirugarren
eitb.eus
PSE-EEk eta PPk atzera egingo lukete, zortzina legebiltzarkide lortuta, eta C’s lehen aldiz sartuko litzateke Eusko Legebiltzarrean, ordezkari batekin. EiTB Focusen inkestaren emaitzak dira.
EAJk irabaziko lituzke Eusko Legebiltzarrerako hauteskundeak datorren irailaren 25eko hauteskundeetan; EH Bildu koalizioa izango litzateke bigarren indarra, eta Elkarrekin Podemos, hirugarrena. PSE-EEk eta PPk atzera egingo lukete, zortzina legebiltzarkide lortuta, eta C’s Gasteizko Ganberan sartuko litzateke estreinakoz, ordezkari batekin. EiTB Focusek I25erako boto-asmoari buruz egindako galdeketak utzitako emaitzak dira.
Iñigo Urkullu lehendakariak uztail amaieran hauteskundeak deitu zituztenetik Eusko Legebiltzarrerako hauteskundeei begira boto-asmoari buruz egindako lehendabiziko inkesta da. Gainera, inkesta horrek balio erantsi bat du; izan ere, aste honetako astelehen eta asteartean egin zituzten elkarrizketak, hau da, irailaren 5 eta 6an.
Elkarrekin Podemos koalizioaren etorrerak gainerako talde guztiei eragingo die, EAJri izan ezik, galdeketaren arabera. Jeltzaleek euren ordezkaritzari eutsiko liokete, eta 27 legebiltzarkide lortuko lituzkete hauteskundeetan. EH Bildu, berriz, 21etik 17ra jaitsiko litzateke, Elkarrekin Podemosek 14 lortuko lituzke, PSE-EEk erdira jaitsiko luke bere ordezkaritza, 8 ordezkariraino, eta PPk 10etik bi galduko lituzke, 8rekin geratuta. Ciudadanos alderdia lehen aldiz sartuko litzateke Gasteizko Ganberan, legebiltzarkide batekin.
Portzentaiak eta eserlekuak
Datuak lurraldez lurralde aztertuta, jeltzaleek eskuratuko lukete garaipena Araban, Gipuzkoan eta Bizkaian. Azken horretan, EH Bildu eta Elkarrekin Podemos koalizioek lehia oso estua izango lukete bigarren postua eskuratzeko. Gipuzkoan, EH Bildu izango litzateke bigarren indarra, eta Araban, Elkarrekin Podemos.
Araban EAJk zazpi eserleku eskuratuko lituzke; Elkarrekin Podemosek eta EH Bilduk ordezkari kopuru berbera eskuratuko luketen arren, bosna legebiltzarkide, botoetan aurrenak irabaziko lioke ezker abertzaleko koalizioari. PPk lau legebiltzarkide lortuko lituzke, PSE-EEk hiru eta Ciudadanosek bat.
Bizkaian ere, EAJ izango litzateke lehen indarra, 11 ordezkarirekin. EH Bilduk bigarren postua eskuratuko luke, 5 ordezkarirekin, eta Elkarrekin Podemosek, hirugarrena, 4rekin. Ezkerreko bi talde horien arteko aldea, dena dela, hamarren batekoa litzateke. PSE-EEk 3 ordezkari izango lituzke lurralde honetan, eta PPk, 2.
Jeltzaleen garaipena Gipuzkoan ere garbia litzateke, inkestaren arabera: 9 ordezkari lortuko lituzke EAJk, eta atzetik luke EH Bildu 7rekin. Elkarrekin Podemosek 5 eserleku lortuko lituzke lurralde honetan. PSE-EEk eta PPk, berriz, bina legebiltzarkide lortuko lituzketen arren, aldea oso txikia litzateke bi taldeen artean, eta baliteke sozialistek popularrei ordezkari bat kentzea, boto gutxi batzuengatik.
Boto fidela
EiTB Focusek baieztatu duenez, herritarren boto-portaera aldatu egingo litzateke, Espainiako Hauteskunde Orokorrekin alderatuta. Hala, ekainaren 26ko hauteskundeek EAEn utzitako argazkia eta I25erako boto-asmoak erakutsi duena oso ezberdinak dira. Orokorretan, Elkarrekin Podemosek irabazi zuen EAEn, eta PPk eta PSOEk oraingo honetan baino emaitza hobeak lortu zituzten. EAJk eta EH Bilduk, berriz, okerragoak.
EiTB Focusek egindako azken lau galdeketek utzitako beste ondorioetako bat ondorengoa da; Espainiako politikagintzaren gorabeherek ez dute aparteko eraginik izan Euskadiko herritarren boto-asmoan, inkesta honen bilakaera jasotzen duen taula honetan ikus daitekeen modura:
Buruzagien balorazioa, koalizioak eta Arnaldo Otegi
Hautagaiei eta buruzagi politikoei buruz galdetuta, Iñigo Urkulluk bakarrik lortu du azterketa hau gainditzea; 10etik 6ko nota jarri diote lehendakariari. Inkestaren arabera, bestalde, galdetutakoen gehiengoak lehendakari karguan Urkulluk jarraitzea nahi du.
Hauteskunde ondorengo akordioei buruz, berriz, EAJ eta PSE-EEren arteko koalizioa da aukera gehien dituena, herritarren ustez. EH Bilduren eta Elkarrekin Podemosen arteko aliantza litzateke bigarren aukera hautatuena, galdeketaren arabera.
Arnaldo Otegiren inhabilitazioari buruz ere galdetu diete herritarrei, eta EH Bilduko boto-emaile ia guztiek erantzun dute Otegi hautagai ez izan arren, ezker abertzaleko koalizioari emango diotela botoa.
Fitxa teknikoa
EiTB Focus Gizaker enpresak EiTBrentzat egindako ikerketa soziologikoa da. 1.200 pertsonari (400 Araban, 400 Bizkaian eta 400 Gipuzkoan) telefonoz galdetuta eginda dago, % 95eko konfiantza mailarekin.
Lagina zoriz hautatu dute, eta lurralde historikoa, generoa eta adina kontuan hartuta sortu dute. Inkesten % 25,2 euskaraz egin dituzte, eta gainerakoak (% 74,8), aldiz, gaztelaniaz. Emaitzak herrien tamainaren arabera haztatu dituzte.
Inkestak irailaren 5ean eta 6an egin zituzten, telefonoz. Elkarrizketek, batez beste, 6 minutu eta 40 segundo iraun zuten. Luzeena 15 minutukoa izan zen, eta laburrena, berriz, 5 minutukoa.