CIS-en inkesta
EAJk irabaziko luke I25ean; EH Bildu eta Elkarrekin Podemos, paretsu
Agentziak | Erredakzioa
Jeltzaleek 27 edo 28 eserleku lortuko lituzkete; EH Bilduk, 16, eta Elkarrekin Podemosek, 15 edo 16. PSE-EEk eta PPk zortzina eskuratuko lituzkete. Ciudadanos ez litzateke ganberan sartuko.
EAJ izango litzateke 2016ko EAEko hauteskundeetako irabazlea, 27 edo 28 eserleku eskuratuta, CIS inkesta etxeak I25ari begira egindako boto-asmoaren inguruko galdeketaren arabera. Inkestaren arabera, EH Bilduk 16 ordezkari lortuko lituzke eta Elkarrekin Podemosek, 15 edo 16. PSE-EEk eta PPk zortzina legebiltzarkide izango lituzkete, eta Ciudadanosek ez luke ordezkaritzarik lortuko.
Egun, jeltzaleek 27 eserleku dituzte euskal ganberan; EH Bilduk 21 ditu, eta PSE-EEk, 16. 'Popularrek' 10 ordezkari dituzte, eta UPyDk, bakarra (alderdi hau ez da irailaren 25ean lehiatuko).
CIS-ek egindako galdeketaren arabera, boto-emaileen % 37,9k EAJren alde egingo lukete. Bigarren indarra EH Bildu izango litzateke, botoen % 20,2rekin. Elkarrekin Podemosek botoen % 18,9 eskuratuko luke. Sozialistek zein 'popularrek' babesa galduko lukete, herritarren % 10,8 eta % 8,8 botoa jasota. EITB Focus inkestak ez bezala, CISen galdeketak ez du aurreikusi Ciudadanosen legebiltzarkiderik. Nicolas de Miguel Legebiltzarretik kanpo geratuko litzateke, horrenbestez.
EAEko hiru lurraldeetako 200 herritan egindako 3.007 elkarrizketa egin ditu CIS etxeak abuztuaren 27tik irailaren 2ra.
Sozialistak, nabarmen behera
CISen galdeketaren arabera, EAJk duela lau urte eskuratutako ordezkaritzari (27 legebiltzarkide) eutsiko lioke, edo akaso, legebiltzarkide bat gehiago lortuko luke.
Sozialistek pairatuko lukete beherakadarik handiena, zortzi eserleku galduko bailituzkete, 16tik erdira jaitsita eta PPrekin berdinduta.
EH Bilduk ere galera izango luke, bost ordezkari gutxiago eskuratuta. CISen arabera, Ciudadanos euskal ganberatik kanpo geratuko litzateke.
Gobernagarritasuna
Emaitza hauekin, EAJk eta PSE-EEk, euskal erakundeetan bazkide nagusi izan denak, ez lukete gehiengo osoa (38) lortuko, eta beste alderdi baten babesa beharko lukete.
EH Bildurekin edota Elkarrekin Podemosekin ituna eginda, ordea, gehiengo absolutua eskuratuko luke EAJk.
Emaitzak, lurraldeka
EAJ garaile izango litzateke hiru lurraldeetan, duela lau urteko emaitzei eutsita. Are, Bizkaian beste eserleku bat lortzeko aukera luke (11 edo 12). Gipuzkoan eta Araban 9 eta 7 ordezkari eskuratuko lituzke, hurrenez hurren.
EH Bilduk babesa galduko luke Gipuzkoan, bere feudoan, 9 eserlekutik 7ra jaitsita. Bizkaian ere bi ordezkari galduko lituzke, eta Araban, bat (bost eskuratuko lituzke).
Elkarrekin Podemosek Araban lortuko lituzke ordezkari gehien: sei. Gipuzkoan bost eta Bizkaian lau edo bost eskuratuko lituzke.
PSE-EEk hiruna eserleku galduko lituzke bai Gipuzkoan zein Araban (bi eta hiru ordezkari izango lituzke, hurrenez hurren). Bizkaian bost eserleku izatetik hiru izatera pasatuko litzateke.
PPk Gipuzkoan duela lau urte lortutako bi ordezkariei eutsiko lioke, baina Araban eta Bizkaian atzera egingo luke, eserleku bana galduta (4 eta 2 ordezkari).
Lehendakari nor?
Herritarrei lehendakari karguan nor nahiko luketen ere galdetu diete. Aukeren artean ez dute Arnaldo Otegi jarri, inkesta Konstituzionalaren erabakia jakin aurretik egina dagoen arren.
Hala, galdetutakoen % 36,2k Urkullu nahiko lukete Jaurlaritzaren buru. Dezente urrunago kokatzen da bigarren aipatuena: Pili Zabala gustuko dute herritarren % 7,1ek. Segidan ageri dira Idoia Mendia sozialista (% 3,9), Maddalen Iriarte (% 3,1), Alfonso Alonso (% 2,1) eta Nicolas de Miguel (% 0,1).