I25
Soziometroa: EAJk irabaziko lituzke bozak, 26 eserleku erdietsita
Agentziak | Erredakzioa
EH Bildu izango litzateke bigarren indarra (17 legebiltzarkide), eta Elkarrekin Podemos, hirugarren (15). Ciudadanosek ez luke ordezkaritzarik lortuko.
Your browser doesn’t support HTML5 video
EAJk irabaziko lituzke irailaren 25ean egitekoak diren hauteskunde autonomikoak, 26 eserleku lortuta (egun dituenak baino bat gutxiago); EH Bildu izango litzateke bigarren indarra, 17 legebiltzarkiderekin (aurreko bozetan eskuratutakoak baino lau gutxiago), eta Elkarrekin Podemos indartsu sartuko litzateke Legebiltzarrean, 15 ordezkari lortuta.
Horiek dira Eusko Jaurlaritzaren Prospekzio Soziologikoen Kabineteak egindako azken Soziometroak aurreikusi dituen emaitzak. Datuok EiTB Focusek boto asmoaren inguruan egindako azken galdeketaren oso antzekoak dira, baita CIS Espainiako inkesta etxeak egindakoarenak ere.
Soziometroaren arabera, PSE-EEk bederatzi ordezkari lortuko lituzke Gasteizko ganberan —2012an 16 eskuratu zituen—; PPk ere, beherakada pairatuko luke, 10etik 8ra jaitsita, eta Ciudadanosek ez luke eserlekurik eskuratuko.
EAJ nagusi hiru lurraldeetan
Euzko Alderdi Jeltzalea (EAJ) izango litzateke bozkatuena hiru lurraldeetan, Gipuzkoan EH Bildurekin parekatuta geratuko litzatekeen arren, eserleku kopuruan.
2012ko bozetan, Bizkaian eta Araban izan ziren nagusi jeltzaleak, eta EH Bilduk irabazi zuen Gipuzkoan. Bi alderdiek, baina, ordezkari kopuru bera erdietsi zuten lurralde historiko horretan (9).
Lurraldeka
Bizkaian, egun dituen 11 eserlekuei eutsiko lieke EAJk (botoen % 38,1). Elkarrekin Podemos izango litzateke bigarren, 5 legebiltzarkide eta babesen % 19 erdietsita. EH Bilduk behera egingo luke, 2 ordezkari galduta (botoen % 17,1)
Sozialistek ere boto galera izango lukete (babesaren % 11,9), eta 5 legebiltzarkide izatetik 3ra pasatuko lirateke. PPk ordezkari bat galduko luke, 2 ordezkari eta botoen % 8,7 erdietsita. Abstentzioa % 35,5ekoa izango litzateke, Soziometroaren arabera.
Gipuzkoan, EAJ izango litzateke nagusi, botoen % 30 lortuta (8 eserleku, 2012an baino bat gutxiago). Ordezkari kopuru bera erdietsiko luke koalizio abertzaleak (EH Bilduk ere bat galduko luke), baina boto kopuru txikiagoarekin (% 29,5).
Elkarrekin Podemosek 5 legebiltzarkide lortuko lituzke lurralde honetan (botoen % 19,1). Sozialistek 2 ordezkari galduko lituzkete, eta 3rekin geratu (% 11,1). PPri dagokionez, ordezkari bakarra eskuratuko luke (babesen % 6,2) –2012an, bi lortu zituen–. Abstentzioa % 36koa izango litzateke.
Araban ere EAJ izango litzateke bozkatuena, botoen % 24,6rekin eta 7 eserlekurekin (2012an bezalatsu). EH Bilduk 5 legebiltzarkide eskuratuko lituzke, 2012an baino bat gutxiago, eta botoen % 18,3 erdietsita. Elkarrekin Podemosek abertzaleek baino babes behiago lortuko lukeen arren (% 21), eserleku kopuru bera izango luke (5).
Sozialistek egun dituzten ordezkarien erdia galduko lukete (botoen % 12,4). PPk, ordea, egun dituen 5 legebiltzarkideei eutsiko lieke (% 17,6). Abstentzioa % 33koa izango litzateke.
2.576 elkarrizketa
Inkesta irailaren 1etik 8ra bitartean egin zieten EAEko 18 urtetik gorako 2.576 pertsonari. 574 elkarrizketa Araban egin zituzten; 1.148, Bizkaian; eta 854, Gipuzkoan.
. . .