Kanpainako 9. eguna
'Bake zatitxo bat existitzen da ezker independentistak ekarri duelako'
EITB.EUS
EAJk elkarbizitzarako beste plan bat proposatu du; EH Bilduk akordio nazionala defendatu du; PSE-EEk PPren aurka egin du, PPk Espainia barruan ikusten du Euskadi, eta Podemosek autonomoen alde egin du
Your browser doesn’t support HTML5 video
Hauteskunde kanpainako bederatzigarren egunean, Iñigo Urkullu lehendakari eta Eusko Legebiltzarrerako EAJren Arabako zerrendaburuak baieztatu duenez, Bizikidetza eta Giza Eskubideen Plan berri bat bultzatuko du, "ETAren amaieraren agendatik falta diren gaiak" modu "ordenatuan eta memoriarekin" kudeatuko dituena.
Azaldu duenaren arabera, aipatu plana XXI. mendeari begiratuko dio, eta beste honako gai hauei ere helduko die: "errefuxiatuak jasaten duten bidegabekeria", "aniztasun kulturalaren eta erlijiosoaren" kudeaketa edota "terrorismo jihadista".
Tolosako Museo Historikoan egindako ekitaldi politikoan, hautagai jeltzaleak ETAren indarkeriaren bukaera izan du hizpide: "Dagoeneko egiten ari garen bide berri bati ekiteko ezinbesteko baldintza", esan du.
Lehendakariaren esanetan, "ETAren terrorismoaren amaiera guztion garaipena izan da", "izugarrizko sufrimendua eragin eta ahalegin anitz eskatu zuena, horietako asko emaitzarik gabe".
Horrez gain, nahiz eta "dagoeneko errealitate bat" dela esan duen arren, ohartarazi du aurretik dagoen bidea ez dela erreza. "Xede garbia eta aldaezina duen bide bat irekitzen ari gara: batetortze soziala, bizikidetza. Helburu sendo bat partekatzen dugu: integratzea", adierazi du Urkulluk. Bere aburuz, "etorkizunerako bide hori irekitzeko, iraganari era kritikoan begiratu behar zaio ", zeren "politikan autokritika egitea zintzotasun eta etengabeko hobekuntzaren adierazgarri da".
Arratsaldean, Gasteizen aritu da Andoni Ortuzar bere alderdiko presidentearekin batera. Bertan, lehendakarigaiak azpimarratu du egungoa "une erabakigarria dela", eta Euskadik ezin dezakeela "susperraldi ekonomikoaren trena galdu". "Etorkizuna daukagu jokoan. Gobernu indartsu, sendo eta ireki bat behar dugu, bide onean aurrera egiten jarraitzeko. Espainiako blokeo politikoak Euskadi gera ez dezala dago jokoan. Euskadiren etorkizun politiko berria dago jokoan", gaineratu du.
EH Bildu
EH Bilduk larunbat honetako arratsaldean egin du Bilbon, Miribillako Bilbao Arenan, kanpainaren ekitaldi nagusia. Bertan izan dira Legebiltzarrerako hiru zerrendaburuak, Jasone Agirre, Maddalen Iriarte eta Miren Larrion, bai eta Arnaldo Otegi bozeramaile eta Sortuko idazkari nagusia ere.
Hitza hartu duenean, Miren Larrion Arabako zerrendaburuak esan du "kateak hausteko garaia" dela, baita "mundua eraldatzekoa" ere. "Euskal Herriak errekonkista hasi du. Mapari begiratzen badiozue, ikusiko duzue lehen 'marotoek', 'barcinek' eta PPk zituztela hiriak, baina hegoaldera ari garela eramaten. Mugara ari gara eramaten. Eta EH Bildu indartsu dagoenean, halakorik lortu izan dugu; orain ere, horregatik erdietsi dugu".
Jasone Agirre Bizkaiko zerrendaburuak Guggenheim Museoaren hezitzaileak izan ditu gogoan; izan ere, irailaren hasieratik daude greban. Agirrek salatu du nolako kudeaketa egin duen Urkullu lehendakariak enpleguari eta gazteei dagokienez.
Maddalen Iriarte Gipuzkoako zerrendaburuak, aldiz, adierazi du EH Bilduren eskaintza oinarritzen dela "akordio politiko zabaletan, gehiengo sozialaren babesarekin"; xedea da "estatus berria lortzea", erabakitze eskubidea sendotuz, euskal Estatu independente eta burujabea lortzeko: "Burua gora ibiltzeko, Madrili baimenik eskatu behar ez dion Estatu bat eratzeko".
Azkenik, Arnaldo Otegik hartu du hitza; Otegik esan duenez, "herrialde honetako poz handienak beti esker abertzaleak ekarri ditu"; halaber, nabarmendu du "hemen bake zatitxo existitzen" dela "ezker abertzaleak ekarri duelako".
Otegik, zeinak zehaztu duen berak sei urte eta erdi eman zituela kartzelan hori dela eta, aseguratu du ETAko presoen desarme eta irteera albiste ona izango dela, "eta, zalantzarik gabe, ezker abertzalearen eskutik etorriko da".
Ekitaldiaren aurretik, orain artekoaz balorazioa egin du alderdiko bozeramailea den Iker Casanovak. Haren aburuz, "jendartea ondo ari da hartzen akordio nazionalerako EH Bildu egindako eskaintza".
PSE-EE
Pedro Sanchez PSOEko idazkari nagusia Donostiako Intxaurrondo auzoan izan da goizean Idoia Mendia PSE-EEko lehendakarigaiari babesa emateko asmoz. Bertan egindako ekitaldian baieztatu duenez, XXI. mendean Euskadin eta Espainian sozialista izatea "belaunaldien arteko elkartasun-kate baten parte" izatea dela, eta baita jakitun izatea ere "norberaren gertukoen etorkizuna Euskadiko eta Espainiako herrikideen mende" dagoela.
"Kalitatezko osasun eta hezkuntza publikoa eraiki genuen alderdia gara, eta Patxi Lopez Euskadiko lehendakari izanik, bakea posible izatea ahalbidetu zuena", esan du Sanchezek.
Idoia Mendiak, bere aldetik, adierazi du "berdintasunaren, gazteen, adinekoen eta emakumeen lehendakaria" izan nahi duela, eta bere asmoa dela "etorkizunari ziurgabetasunez begiratzen dioten herritarrei esperantza eskainiko duen Gobernua zuzentzea".
Aldi berean, "egungo Euskadi nazionalistek eta nazionalistak ez direnek" eraiki dutela baieztatu du, eta baita "autogobernuaren bidea elkarrekin egiten jarraitu nahi" dutela ere. Hala ere, honako ohar bota du: "Beste batzuek bide hori uzten badute, beste batzuek hausturaren alde egiten badute, sozialistek eskuak libre izango ditugu orain arteko adostutakoa gainbegiratzeko".
PP
Mariano Rajoy jarduneko Espainiako presidentea eta PPko agintari nagusia Bilbon egon da hauteskunde kanpainako mitin batean, Alfonso Alonso lehendakarigaiarekin batera.
Rajoyren esanetan, PPk Euskadin eta Espainiako beste leku batzuetan (Kataluniari erreferentzia eginez) "bereizketa eta haustura" gerta dadila ekidingo du. Zentzu horretan, Espainian eta Europan integratuta dagoen Euskadi baten alde agertu da; izan ere, bere iritziz, "mundu honetan bakarrik doanak, bereizketaren eta hausturaren alde egiten duenak historiaren trena galtzen bukatzen du, eta horixe bera da PPk saihestuko duena".
Aldi berean, gogoratu duenez, PP Euskadin "beti izan da gotorleku bat pertsonen norbanako eskubideen defentsan eta ankerkeriaren eta terrorearen aurkako borrokan".
Bere aldetik, Alfonso Alonsok "boterearen soberakinengatik bere printzipioak baztertu dituen" PSE-EEren aurrean "umezurtz " sentitzen diren haren hautesleen babesa eskatu du. Ondoren, ohartarazi du sozialistek ez dutela baztertzen Madrilen "Gobernu arraro bat osatzeko" aukera, "ezta Euskadin ere", baina sinetsita agertu da "EAJ eta PSE Euskadiko eserlekuetarako eta Espainiako blokeorako bazkideak" direla.
Elkarrekin Podemos
Elkarrekin Podemosek enpresa txiki eta ertainak, autonomoak eta ekintzaileak bultzatuko dituen bulego bakarra sortzea proposatu du, lehentasunezko finantzaketan eta aholkularitzan zerbitzu berriak eskaintzeko asmoz. Hala adierazi du Nagua Alba Podemos Euskadiko idazkari nagusiak.
Alba Gasteizen egon da Elkarrekin Podemosen ekitaldi batean, Cristina Macazaga Arabako zerrendaburuarekin batera.
Alderdi moreko buruak enpresa txiki eta ertainen defentsan oinarritu du: "Euskal ekonomiaren zutabe garrantzitsua dira", esan du.