Kanpaina amaiera
Mendia: 'PSEri bozkatzea bizikidetza demokratikoaren alde egitea da'
AGENTZIAK | ERREDAKZIOA
Idoia Mendia lehendakarigaiak autogobernu "sendoa" aldarrikatu du eta "harresiak eraikitzearen" kontra egin du.
Your browser doesn’t support HTML5 video
Idoia Mendia PSE-EEko lehendakarigaiak Alderdi Sozialistaren garrantzia azpimarratu du, gainerako alderdiek indarkeriarekin hautsi ez dutela, ustelkerian lokaztuta daudela, ezer esaten ez dutela edo benetan egin nahi dutena ezkutatzen dutela esanez.
Alderdi Sozialistak Gasteizen egin du arratsalde honetan kanpaina bukaerako ekitaldia. Idoia Mendiarekin batera, Natalia Rojo eta Susana Corcuera ere izan dira.
Mendiak esan du Alderdi Sozialistari botoa ematea “bizikidetza demokratikoaren” alde egitea dela eta, zeharka aipu eginez, gainerako alderdien kontra egin du.
EH Bilduri leporatu dio “indarkeriarekin hausteari uko” egiten diola; Alderdi Popularra “ustelkerian lokaztuta” dagoela esan du; Elkarrekin Podemosek “ezerezari buruzko diskurtsoak” egiten dituela eta “abertzaleen helburuak” defendatzen dituela adierazi du; eta EAJri “esku batekin egin nahi duena bestearekin ezkutatzen” duela egotzi dio.
PSE-EEk autogobernu “sendo” bat defendatzen duela esan du, “euskal herritar guztien berdintasuna bermatuko duena, inor bestea baino gehiago izan ez dadin eta harresirik eraikiko ez duena, mundu irekiago baten bizi gaitezen”.
“Autogobernuak ezin ditu prozesu zentralizatzaileak onartu, ezta abertzaleen ametsak ere. Identitatea homogeneizatzeko saiakera guztiei aurre egingo die. Abentura soberanista guztiak geldituko ditut, Ibarretxerekin eta haren plan zatitzailearekin egin genuen moduan”, agindu du hautagai sozialistak.