Itxi

GALDEKETA

EiTBren inkesta: EAJ garaile, EH Bildu bigarren eta Podemos hirugarren

EITB.EUS

PSE-EEk eta PPk beherakada nabarmena izango lukete eta Ciudadanosen eserlekua zalantzan egongo litzateke. Hauteskunde egunaren bezperetan eta 2.400 pertsona galdekatu dituzte inkesta egiteko.

Euzko Alderdi Jeltzaleak aise irabaziko lituzke 2016ko irailaren 25eko Legebiltzarrerako hauteskundeak. Bigarren indarra EH Bildu izango litzateke, eta hirugarrena, Elkarrekin Podemos.

PSE-EEk eta PPk beherakada nabarmena izango lukete, eta zalantzan egongo litzateke Ciudadanosek Legebiltzarrean ordezkari bat izatea lortuko duen ala ez.

Hala dio Gizaker etxeak Euskal Autonomia Erkidegoko hauteskundeei buruz EiTBrentzat egindako galdeketak. Inkesta egiteko, 2.400 pertsona elkarrizketatu dituzte, hauteskundeen bezperetan eta hauteskunde egunean bertan.

EAJk 27 eserleku eskuratuko lituzke, azken legegintzaldian izan duen kopuru bera, hain zuzen ere. Gainera, lurralde bakoitzean jokoan egongo den azken eserlekua lortuz gero, 30 ordezkari izatera iritsiko litzateke.

EH Bilduk 16-18 eserleku eskuratuko lituzke. Aurreko legealdian 21 ordezkari izan ditu. Subiranotasunaren aldeko koalizio soberanista Bizkaiko eta Gipuzkoako azken eserlekua lortzeko lehian izango da.

Elkarrekin Podemos 13-15 ordezkarirekin sartuko litzateke lehen aldiz Legebiltzarrean, Bizkaiko eta Gipuzkoako azken parlamentaria eskuratzen duenaren arabera.

PSE-EEk ordezkaritza erdia galduko luke, 16 legebiltzarkide izatetik 8ra igarota. Alabaina, Arabako eta Bizkaiko azken eserlekua eskuratuz gero, 10 parlamentari izango lituzke.

Alderdi Popularrak bi edo hiru legebiltzarkide galduko lituzke, eta 7 edo 8 ordezkarirekin geratuko litzateke. PP Arabako azken eserlekuagatik lehiatuko dira.

Ciudadanosek ez luke ziurtatuta izango Legebiltzarrean sartzea, zalantzan baitago Araban lor lezakeen eserlekua.

Lurraldez lurralde, Araban, EAJk irabaziko lituzke hauteskundeak, 7 edo 8 eserlekurekin; Elkarrekin Podemos izango litzateke bigarren indarra, eta EH Bildu hirugarrena, baina biek ordezkari kopuru bera lortuta. Alderdi Popularrak legebiltzarkide bat eta Alderdi Sozialistak bi edo hiru galduko lituzkete; eta Ciudadanosek ordezkaria izango duen ez dago argi. Arabako azken parlamentaria lortzeko lehian, EAJ, PSE-EE eta Ciudadanos izango dira.

Bizkaian, EAJk 11-12 eserleku eskuratuko lituzke, Elkarrekin Podemos bigarren geratuko litzateke eta EH Bildu, berriz, hirugarren, 4 edo 5 ordezkari lortuta. PSE-EE bost ordezkari izatetik 2 edo 3 izatera pasatuko litzateke, eta PPk bi eserleku lortuko lituzke, ordezkari bat galduta. EAJ, Elkarrekin Podemos, EH Bildu eta PSE-EE azken legebiltzarkidea lortzeko lehian izango lirateke.

Gipuzkoan, EAJk irabaziko lituzke hauteskundeak, aurreko legegintzaldiko 9 eserlekuak edo baten bat gehiago lortuta; EH Bildu izango litzateke bigarren indarra, 7 edo 8 ordezkari eskuratuta; Elkarrekin Podemosek 4 edo 5 parlamentari lortuko lituzke; Alderdi Sozialista bost legebiltzarkide izatetik hiru izatera pasatuko litzateke; eta PP, bi izatetik bakarra izatera. EAJ, EH Bildu, Elkarrekin Podemos eta PP izango dira azken eserlekua lortzeko lehian.

Berrikuntza soziologikoa

Lehen aldiz, hauteskundeen bezperan egina dago inkesta, hauteskunde-egunean bertan egin beharrean. Horrela, akats aukera murriztea lortu nahi da. Gainera, galdera bat baino gehiago egin izan ahal da. 2.400 pertsona galdekatuta egin dute inkesta.

Metodologia kuantitatiboa izan da, eta elkarrizketak telefonoz egin dira. Horrela, helburu guztiak betetzea lor daiteke, fidagarritasun handiz.

Laginaren populazioa EAEn bizi diren adin nagusiak dira, eta galdeketak irailaren 23an (arratsaldez), 24an (goizez eta arratsaldez) eta 25ean (goizez) egin dira.

Emaitzak geruzatu egin dira, kuoten arabera, eta metodologia kuantitatiboa oinarri hartuta.

Fitxa teknikoa

Lagina: EAEn bizi diren 2.400 pertsona (600 Araban, 1.050 Bizkaian eta 750 Araban).

Em= ± % 2,00; konfiantza maila: % 95, p=q=0´5, EAEko datu totaletarako (± % 4,00 Araban, ± % 3,02 Bizkaian eta ± % 3,58 Gipuzkoan).

Lagina zoriz hautatuta dago, eta lurralde historikoaren, udalerriaren, sexuaren eta adinaren arabera geruzatuta dago.

Inkesten % 22,2 euskaraz egin dituzte, eta % 77,8, gaztelaniaz. Emaitzak herrien tamainaren arabera haztatuta daude.

Informazio gehiago (2)