Emaitzak
EAJk berriro irabazi du Araban, 8 eserlekurekin; PP bigarren, 5ekin
Agentziak | Erredakzioa
EH Bilduk bat galdu du, eta 5 lortu ditu, PPk bezala. Elkarrekin Podemos alderdiak 4 erdietsi ditu, eta PSE-EEk, 3. Ciudadanosek ez du eserlekurik izango.
EAJk irabazi ditu hauteskundeak Araban, 2012an baino eserleku bat gehiagorekin; PPk bigarren postua berreskuratu du, 5 eserlekurekin, eta EH Bildu da hirugarren indarra, 5ekin.
EAJk 2012an lortutako garaipena berretsi du 2016ko hauteskunde hauetan, eta 8 eserleku izango ditu, duela lau urte baino bat gehiago.
PPk aurretik zituen 5 eserlekuei eutsi die, eta EH Bilduk ere 5 izango ditu; koalizio abertzaleak, beraz, eserleku bat galdu du.
Elkarrekin Podemos laugarren indarra da Araban, bere lehen hauteskunde autonomikoetan, 4 legebiltzarkiderekin; PSE-EEk 6 zituen aurretik, baina erdiak galdu ditu, eta, ondorioz, 3 izango ditu orain.
Ciudadanosek ez du eserlekurik lortu.
EAJk Gasteizen ere irabazi du; PP bigarren indarra da, eta PSE-EE bosgarrena
Arabako hiriburuan, EAJk irabazi ditu hauteskundeak, eta PP izan da bigarren. 2012ko hauteskundeetan, PSE-EEk lortu zuen bigarren postua, baina orain bosgarren tokian geratu da.
EAJk 27.681 boto (botoen % 25,01) lortu ditu Gasteizen. Duela lau urte, 1.884 boto eta 2,5 puntu gutxiago eskuratu zituen.
PPk lortu du bigarren postua, ehunekotan lortutako emaitzak hobetuta: botoen % 20,97 lortu zituen 2012an, eta botoen % 21,09 lortu ditu orain. Guztira, 23.335 boto jaso ditu hauteskunde hauetan. Duela lau urte, hirugarren indarra izan zen, baina orain bigarren postuan kokatu da.
PSE-EEk botoen % 14,47 eskuratu ditu orain, eta botoen % 21,7 izan zituen 2012an. Guztira, 16.013 boto jaso ditu: duela lau urte baino 8.743 boto gutxiago.
Elkarrekin Podemosek hirugarren postua lortu du (botoen % 17,08, 18.899 boto), eta EH Bildu izan da laugarren, duela lau urte bezala; hala ere, EH Bilduk behera egin du, boto gutxiago jaso baitu, baita ehunekotan ere. Hala, ia 5.000 boto eta ia lau puntu galdu ditu.
ntu galdu ditu.