Itxi

Bilera sorta

PSE-EE, Eusko Jaurlaritzari 'egonkortasuna' emateko prest

Agentziak | Erredakzioa

Leer en Castellano

Hala ere, Idoia Mendiak azpimarratu du azkarregi dela ondorioak ateratzen hasteko.

Your browser doesn’t support HTML5 video

PSE-EE Eusko Jaurlaritzari "egonkortasuna" emateko prest dagoela adierazi dio Idoia Mendia Euskadiko sozialisten idazkari nagusiak EAJri. Dena den, ezer aurreratzen hasteko garaiz dela azpimarratu du.

Andoni Ortuzar EAJren EBBko presidentea eta Iñigo Urkullu jarduneko lehendakaria PSE-EEko ordezkaritza batekin elkartu dira, Jaurlaritza berria osatzen saiatzeko abiatutako bilera errondaren baitan. Sozialisten izenean, Idoia Mendia idazkari nagusia eta Miguel Angel Morales Antolaketa idazkaria joan dira bilerara.

Ordubete eta berrogeita bost minutuko iraupena izan duen bilera amaituta, Mendiak kazetarien aurrean hitz egin du. PSE-EEko buruzagiaren esanetan, datozen legegintzaldirako jeltzaleen ardatzak jasotzen dituen dokumentu bat banatu die. Sozialistek dokumentua aztertuko dutela eta erantzun bat emango dietela adierazi diete jeltzaleei.

"Proposamena entzun eta dokumentua jaso dugu, eta Alderdi Sozialista (Gobernuari) egonkortasuna emateko eta hiritarren mesedetan egonkortasuna bilatzeko prest dagoela esan diegu", adierazi du Mendiak.

Hala eta guztiz ere, Mendiaren esanetan, oraindik ere goizegi da ondorioak ateratzen hasteko.

Bilera erronda

Irailaren 25ean hauteskunde autonomikoak egin ondoren, eta Jaurlaritza berria osatzeko abiatutako bilera sortaren baitan, PSE-EEko buruzagiak hartu ditu gaur EAJk.

Iñigo Urkullu jarduneko lehendakariak eta Andoni Ortuzar EAJren EBBko presidenteak Eusko Legebiltzarrean ordezkaritza eskuratu duten alderdien bozeramaileekin egindako hirugarren bilera izan da gaurkoa. Aurrez, EH Bilduko ordezkariekin bildu ziren ostegunean, eta Elkarrekin Podemosekoekin, ostiralean. Legegintzaldi honetarako dituen helburuak eta proposamenak biltzen dituen dokumentua eman zien EAJk batzuei eta besteei.

Bihar, asteartea, buruzagi jeltzaleak Euskadiko PPko ordezkaritza batekin elkartuko dira Sabin Etxean.

Albisteak (4)

Bideoak (1)