Legebiltzarra
EH Bildu: 'Estatus politiko berri baten legegintzaldia izan behar du'
AGENTZIAK | ERREDAKZIOA
Ia zortzi urteko 'inpasse' egoeraren ostean, legegintzaldi honek 'estankamendu politikoaren' amaiera izan behar duela azpimarratu du. EH Bilduko legebiltzarkideek kreditazioak aurkeztu dituzte.
Your browser doesn’t support HTML5 video
Hastear den legegintzaldia burujabetzaren bidean "aurrerapauso atzeraezinak emateko" eta estatus politiko berri bat lortzeko bidean erabakigarria izatea espero du EH Bilduk.
Maddalen Iriarte eta Jasone Agirre EH Bilduko legebiltzarkideek prentsaurrekoa eskaini dute gaur goizean, koalizioaren 18 legebiltzarkideetatik 17k akreditazioak aurkeztu ostean. Miren Larrionek astelehenean egingo du tramitea, agenda kontuak tarteko.
Iriartek aitortu du EH Bilduk ez duela sinisten estatus politiko berri bat lortzeko EAJk proposatutako bidearekin, nahiz eta zehaztu duen Euskal Autonomia Erkidegoko herritar gehienek Andoni Ortuzarren alderdiak gidatutako alderdia babestu dutela. Hori dela eta, EH Bildu jeltzaleekin bide hori egiteko prest agertu da. Hala ere, Madrilek atea ixten duenerako zehaztasuna eskatu dio EH Bilduk EAJri.
EAJren proposamenaren arabera, Autonomia Estatutu berria Eusko Legebiltzarrak berretsi behar du eta, gerora, EAEko herritarrei "galdeketa loteslea" egingo zaie Espainiako Diputatuen Kongresuko tramitazioa hasi baino lehen. Jeltzaleen esanetan, prozesu hori legea errespetatuz egin beharko da eta aldebikoa izango da. Aldi berean, estatus politiko berriak Euskal Herriaren nazio izaera eta Estatuarekiko aldebiko harremana aitortu beharko du.
Estatus politiko berriaren auzia izango da EH Bilduk EAJri mahai gainean jarriko dion gaietako bat. Gainera, 2017ra begira murrizketarik gabeko Aurrekontua adosteko deia egin die EAJri eta Elkarrekin Podemosi.
Koalizio abertzalearen esanetan, legegintzaldi honek "estakamendu politikotik aterako gaituen legealdia izan behar du, lehenago Patxi Lopezekin eta gero Iñigo Urkullurekin zortzi urte daramatzagulako inpasse egoera batean, euskal jendartearentzat funtsezkoak diren gai nagusietan aurrera egin gabe".