Hauteskunde aurrerapena
Casadoren zuzendaritzak argi berdea eman dio Alfonso Alonsori lehendakarigai izateko
AGENTZIAK | ERREDAKZIOA
Ondorioz, Elkarrekin Podemos da orain lehendakarigairik ez duen indar bakarra.
Espainiako PPk babes ofiziala agertu dio astelehen arratsalde honetan Alfonso Alonso EAEko PPko presidenteari, apirilaren 5eko hauteskundeetan Alderdi Popularraren lehendakarigaia izan dadin, Europa Press agentziak jakinarazi duenez.
Espainiako PPren Hauteskunde Batzorde Nazionalak batzarra egingo du astearte honetan, Euskadiko eta Galiziako hauteskundeetako zerrendaburuak ofizialki izendatzeko.
Orain, EAEko PPk barne prozesua abiatuko du hauteskunde zerrendak osatzeko, baina Pablo Casadoren zuzendaritzak oniritzia eman beharko die.
Ostegunean, EAEko PPk publiko egin zuen Alfonso Alonsoren aldeko apustua hautagai izateko, eta martxan jarri zuen hauteskundeak prestatzeko makineria, hauteskundeak aurreratzeko aukera zegoelakoan, gaur baieztatu denez.
Elkarrekin Podemos, lehendakarigairik gabeko indar bakarra
Horrela, Elkarrekin Podemos da une honetan lehendakarigairik ez duen indar bakarra. Koalizio ezkertiarrak, baina, dagoeneko abiatu ditu hauteskunde primarioak, eta martxoaren 4an ezagutuko dira emaitzak. Rosa Martinez eta Miren Gorrotxategi dira lehendakarigai izateko hautagaiak.
Egun Eusko Legebiltzarrean ordezkaritza duten gainerako alderdiek badute dagoeneko lehendakarigaia. EAJren kasuan, Iñigo Urkullu izango da hirugarrenez. Jeltzaleen barne prozesua ez da oraingoz formalki bukatu, baina ez dago beste hautagairik lehendakariarekin lehiatzeko.
EH Bilduk hilabete honetan bertan aukeratu du bere lehendakarigaia: Maddalen Iriarte. Hautagai bakarra izan da koalizio abertzalearen barne prozesuan.
PSE-EE izan zen hautagaia izendatzen lehena, iazko uztailean izendatu baitzuten Idoia Mendia lehendakarigai.