A5
Martinezen zerrenda ofizialistak Podemosen zirkuluen % 83ko abala lortu du
Agentziak | Erredakzioa
Aurkeztutako abalak egiaztatu ondoren, otsailaren 25era arte kanpaina egingo duten hautagaien izenak jakinaraziko dituzte asteazkenean, eta otsailaren 27an, berriz, primarioen emaitzak emango dituzte.
Rosa Martinez eta Lander Martinez buru dituen zerrenda ofizialistak Podemos Euskadiren zirkuluen % 83ren abala lortu du apirilaren 5eko EAEko hauteskundeetarako hauteskunde primarioetan hautagai izateko.
Guztion Aukera hautagaitzako iturriek jakitera eman dutenez, "zirkuluen gehiengoaren abalak erakusten du Rosa Martinez Elkarrekin Podemoseko koordinatzailearen eta Lander Martinez Podemos Euskadiko idazkari nagusiaren apustua lurraldean errotuta dagoela, eta oinarrien aldetik bultzada argia da".
Abal bilketa atzo, igandea, amaitu zen.
Aurkeztutako abalak egiaztatu ondoren hautagaitzak asteazkenean, hilaren 19an, ezagutzera emango dituzte, eta hurrengo egunean hasiko da barne kanpaina, hilaren 25era arte, bozketak amaitzen diren arte. Ostegunean, berriz, primarioen emaitzak aldarrikatuko dituzte.
Rosa Martinez lehendakarigaiak adierazi duenez, "lortutako babesak primarioei energia gehiagorekin, ilusio handiagoarekin eta gogo handiagoarekin aurre egiteko aukera ematen digu, apirilaren 5eko hauteskundeak guztion aukera izatea nola lortu azaltzea nahi dugulako, Gobernuan betikotzeko asmoa dutenen aurrean".
Rosa Martinez eta Lander Martinez Bizkaiko zerrendaburuez gain, Cristina Macazaga eta Julen Bollain legebiltzarkideak, Edurne Garcia eta Yahcov Ruiz Arabako eta Gipuzkoako zerrendaburuak eta Carolina Uribe eta Patricia Gete bezalako buruzagiak ere hautagaitzaren barruan daude.