Itxi

apirilak 5

Miren Gorrotxategi izango da Elkarrekin Podemos-IU koalizioaren lehendakarigaia

Agentziak | Erredakzioa

Leer en Castellano

Pablo Iglesiasek babestutako hautagaia gailendu zaio Rosa Martinez ofizialistari Podemos Euskadiren barne hauteskundeetan, eta, horrenbestez, bera izango da lehendakarigaia.

Gorrotxategi, EFEren artxiboko argazki batean.

Miren Gorrotxategi Unidas Podemosen senatari eta diputatu ohia izango da azkenean Elkarrekin Podemos-IU koalizioaren lehendakarigaia apirilaren 5eko EAEko hauteskundeetan.

Lander Martinezek prentsaurrekoan emandako datuen arabera, Gorrotxategik botoen % 56,26 lortu ditu (1.519 boto) eta, Martinezek, % 43,74. Hain justu, dimisioa aurkezteko baliatu du Martinezek agerraldia.

Gorrotxategi Rosa Martinez Podemos Euskadiko zuzendaritzaren hautagai ofizialari gailendu zaio alderdi morearen barne hauteskundeetan, eta, ondorioz, bera izango da koalizioaren zerrendaburu.

Podemos Euskadiko 2.800 militanteek bi hautagaitza horien arteko hautua egin behar izan dute: batetik, Rosa Martinez buru zuena —'Guztion Aukera' izenekoa eta Lander Martinezek eta bost legebiltzarkidek babestutakoa— eta bestetik, Miren Gorrotxategirena —'Zubiak' izenekoa, Pablo Iglesias Unidas Podemoseko idazkari nagusiaren, eta EAEn, Roberto Uriarte eta Pilar Garridoren ildokoa—.

EAJren aurrean "aliantza progresista" bat osatzearen alde

Primarioen emaitza eta Martinezen dimisioa ezagutu ostean, kazetarien aurrera atera da David Soto Irungo zinegotzi eta 'Zubiak' zerrendako kidea. Bigarrenari buruz, esan du idazkari nagusiaren erabakia "koherentea" dela, eta "errespetatzen" dutela.

Sotok Martinezen eta bere lantaldearen lana aintzat hartu du, eta primarioen emaitza "anitz eta militanteen borondatearen araberakoa" dela azpimarratu.

"Ez dugu denborarik galdu behar, EAJren aurrean, EH Bildurekin eta PSE-EErekin aliantza progresista bat osatu behar dugu", nabarmendu du.

Sotok iragarri du Gorrotxategik, jada lehendakarigai dela, ostiral arratsaldean egingo duela bere lehen agerraldia.

Iglesiasek Gorrotxategi zoriondu du

Pablo Iglesias Podemoseko idazkari nagusiak zorionak eman dizkio Gorrotxategiri, Twitterren kaleratutako mezu baten bidez:

Miren Gorrotxategi Abadiñon jaio zen 1967an eta EHUn Zuzenbide irakasle da. Unidas Podemoseko Berme Batzordeko kide da. 2017an Podemos Euskadiko idazkari nagusi izateko aurkeztu zen, baina Lander Martinezek irabazi zituen hauteskunde primarioak.

Albisteak (3)