Apirilak 5
EH Bilduk bertan behera utzi du kanpaina, eta bozak atzeratzearen alde egin du
agentziak | erredakzioa
Koalizioak uste du inor izan daitekeela egon "lehian pentsatzen, elkarlanerako garaia da". PSE-EEk eta PPk ere bertan behera utzi dute aurrekanpaina.
Your browser doesn’t support HTML5 video
EH Bilduk hauteskunde kanpaina bertan behera uztea erabaki du gaur, eta gainerako alderdiei eta Eusko Jaurlaritzari apirilaren 5eko hauteskundeak atzeratzea eskatu die, esfortzu guztia koronabirusa geldiaraztera bideratzeko.
Arnaldo Otegi EH Bilduren koordinatzaile nagusiak eta Maddalen Iriarte lehendakarigaiak agerraldia egin dute gaur Mahai Politikoak "osasun publikoaren krisi larriaren" aurrean hartu dituen erabakien berri emateko.
Koalizioak uste du ez dagoela "hauteskunde kanpaina edo hauteskundeak egiteko baldintzarik", eta "premiaz" hartu beharra dagoela bozak atzeratzeko erabakia, "alderdi politiko guztien adostasunarekin".
"Inor ezin da lehian pentsatzen egon, elkarlanerako garaia da. Hauteskundeak berehala ahaztuta lortuko dugu energia guztia helburu bakar batean jartzea: herritarren osasun publikoa babestea", adierazi du Otegik, gainerako alderdi politikoekin harremanetan jarriko dela jakinarazi aurretik.
Buruzagi abertzaleak hitzeman du EH Bilduk Eusko Jaurlaritzaren eta Nafarroako Gobernuaren neurriak babestuko dituela, baina "erabakiak" hartzeko "ausardia irmoa" eskatu die.
PSE-EEk eta PPk bertan behera utzi dute aurrekanpaina
PSE-EEk datozen hiru egunetarako deituak zituen aurrekanpaina ekitaldiak bertan behera uztea erabaki du, Iñigo Urkullu lehendakariarekin eta gainerako alderdiekin egingo duten bileran apirilaren 5eko hauteskundeei buruz hitz egin arte gutxienez.
Sozialistek ohar batean azaldu dutenez, "koronabirusaren larrialdi egoerarengatik" hartu dute erabakia. Hala, astelehenean Idoia Mendia lehendakarigaiak egin behar zuen ekitaldia ere ez dute aurrera eramango, batzarrean parte hartuko baitute.
PPk erabaki bera hartu du, eta bertan behera utzi du aurrekanpaina. Gainera, Carlos Iturgaiz PP+Cs koalizioaren hautagaiak esan du Eusko Jaurlaritza babestuko duela hauteskundeen inguruko edozein erabaki hartzen duela.
Gaur Mariano Rajoyrekin egin behar zuen ekitaldia PPk Bilbon, eta asteburuan Pablo Casado zen etortzekoa, baina azkenean ez dira etorriko.
Iturgaizek esan du hauteskundeak egitekotan "osasun eta berme demokratiko guztiekin" egin beharko liratekeela, "garrantzitsuena pertsonen osasuna" delako.