Itxi

PP+Cs koalizioa

Nazionalismoaren aurrean PP+Cs koalizioa "euste-dikea" da, Iturgaizen hitzetan

AGENTZIAK | ERREDAKZIOA

Leer en Castellano

"Euskal herritarrek badakite Madrilgo Gobernuaren kudeaketa bezain kaotikoa dela EAJrena", salatu du Carlos Iturgaiz PP+Cs koalizioko lehendakarigaiak.

Carlos Iturgaiz PP+Cs koalizioko lehendakarigaia. Argazkia: EiTB

Nazionalismo "zatitzailearen" eta Sanchez-Urkullu "bazkideen kudeaketa kaotikoaren" aurrean, PP+Cs "euste-dikea" dela adierazi du Carlos Iturgaiz koalizio horretako lehendakarigaiak. Uztailaren 12an izango diren euskal hauteskundeetarako koalizio horretako leloa aurkeztu du Bilbon larunbat honetan, "Etorkizunerako plana", Euskadiko PPko hainbat buruzagirekin, tartean, Amaya Fernandez Euskadiko PPko burua, Bea Fanjul diputatua, Raquel Gonzalez Bizkaiko PPko burua eta Luis Gordillo Bizkaiko PPko zerrendako bigarrena.

COVID-19agatik hildako pertsonak gogoratu ditu Iturgaizek bere hitzaldian, baina Zaldibarko zabortegian luiziaren ondorioz lurperatutako langileak ere. Iturgaizen hitzetan, tragedia horrek "kalbarioa suposatu du euren familientzat eta euskal gizartearentzat, EAJren zorigaiztoko kudeaketaren ondorioz".

Iturgaizek deitoratu duenez, herritarrak "ziurgabetasunez eta beldurrez beteta daude, Sanchezen eta Iglesiasen Gobernua kaosean eta gezurretan dabilelako". "Ez dakigu zenbat pertsona hil diren COVID-19agatik, baina bai M8an jendea manifestatzera bidali zutela, kutsatzeko arriskua zegoela jakinda ere", eta "osasun langileei babesteko ekipamendua eman barik", salatu du.

Dena dela, Iturgaizek ohartarazi duenez, "Sanchez eta Iglesias Moncloan egotearen erantzunkide dira Iñigo Urkullu lehendakaria eta EAJ, haiek han jarri dituztelako". "Euskal herritarrek badakite EAJren kudeaketa Madrilgo Gobernuarena bezain kaotikoa dela", gaineratu du.

Albisteak (5)

Informazio gehiago (1)