Itxi

Berritasunak

Gaur amaituko da EAEko hauteskundeetarako posta bidezko botoa eskatzeko epea

eitb.eus

Leer en Castellano

Posta bidezko botoa eman nahi duten pertsonek Hauteskunde Erroldako Ziurtagiria eskuratu behar dute. Correosen edozein bulegotan eska daiteke, baita Correosen webgunean ere.

Postari bat atari batetik ateratzen. Artxiboko argazkia: EFE

Ostegun honetan, uztailak 2, amaitzen da Eusko Legebiltzarrerako hauteskundeetan botoa posta bidez ematea eskatzeko epea. Hain zuzen ere, uztailaren 12an egingo dira hauteskundeak Euskal Autonomia Erkidegoan (EAE).

COVID-19aren pandemiak salbuespenezko osasun-egoera sortu du, eta horrek aldaketak eragin ditu Correosen jardueran hauteskundeei begira, posta zerbitzuak berak ohar baten bidez azaldu duenez.

Honenbestez, posta bidezko botoa emateko hiru epeak aldatu dituzte: botoa posta bidez bidaltzeko eskaera egiteko epea, agiriak jasotzeko epea eta botoa emateko epea.

Posta bidezko botoa eman nahi duten pertsonek uztailaren 2ra arte eskatu ahal dute Hauteskunde Erroldako Ziurtagiria. Ziurtagiria eskuratzea ezinbestekoa da posta bidezko botoa eman ahal izateko, eta orain arte bezala eska daiteke, Correosen edozein bulegotan, baina aurrenekoz bide telematikotik ere eskatu ahal da webgunean.

Posta bidezko botoa Correosen bulego guztietan eska daiteke. Eskaera boto-emaile bakoitzak pertsonalki egin behar du, ezgaitasun edo gaixotasun kasuetan salbu. Kasu horietan, beste pertsona batek boto-emailearen izenean aurkez dezake, baina notarioaren edo kontsuletxearen oniritziarekin.

Eskaera egiteko orduan, nortasun-agiria, pasaportea edo gidabaimena aurkeztu behar da.

Lehen aldiz, botoa posta bidez emateko eskaria Correosen webgunearen bidez egin dezakete boto-emaileek, posta bulegora joan beharrik gabe.

Eskabidea horrela egiteko, baina, sinadura elektronikoa beharko da nortasuna egiaztatzeko. Horren harian, Industria Ministerioak onartutako pertsona fisikoen ziurtagiriek eta nortasun-agiri elektronikoek balio dute identifikatzeko sistema gisa.

Aukera hori ostegun honetan amaitzen da, eskaria aurrez aurre egiteko epea bezala.

Hauteskunde-agiriak ematea

Era berean, aldaketak izango dira postariak boto-emaileari agiriak emateko orduan ere. Correosek segurtasun-protokoloa jarri du martxan hartzaileak zein postariak PDA ez ukitzeko. Horrela, hauteskundeetako agiriak emateko ere, gauza bera egingo dute postariek.

Correosko langileek nortasun-agiria, pasaportea edo gidabaimena ikusita egiaztatuko dute boto-emailearen nortasuna, eta agiriaren zenbakia jasoko dute gutun-azalak eta boto-txartelak jaso izana egiaztatzeko. Boto-emaileak ez du sinatu beharrik izango. Agiriak ekainaren 22an hasi ziren jasotzen boto-emaileak.

Botoa ematea

Posta bidezko botoa emateko hirugarren pausoan, botoa formalizatzeko garaian, alegia, aukera berri bat jarri du martxan Correosek. Boto-emaileak, hala nahi baldin badu, postariari gutuna zuzenean emateko aukera izango du, botoa eman duela egiaztatzeko ziurtagiri baten truke. Horrela, ondoren Correosen bulego batera joan behar izana saihestu nahi dute.

Correosko beharginak boto-emailearekiko segurtasun-tartea zaindu beharko du une oro, eta ez da sekula haren etxe barruan sartuko.

Era berean, postaria kontu handiz ibiliko da jasotako botoak gordetzeko orduan, posta-bulegora eraman arte.

Landagunean "paseko" formula erabiliko dute; hau da, postariak bulego mugikorrak izango dira. Hauteskunde-agiriak eman ondoren, postariek botoa jasoko dute, betiere ohiko ordutegi eta tokietan egiten baldin bada.

Hala eta guztiz ere, boto-emaileak ez du zertan botoa agiriak hartzen dituenean eman, eta ondoren egin lezake, legezko epe barruan, Correosen bulego batean. Posta bidezko botoa emateko epea uztailaren 10ean bukatuko da, 14:00etan.

Albisteak (7)