Kargatzen...
Itxi

Kanpaina hasiera

Mendiak PSE-EErentzako botoa eskatu du, "ezkerreko alderdi arduratsua" dela esanez

AGENTZIAK | ERREDAKZIOA

Leer en Castellano

Idoia Mendia lehendakarigaiak Bilbon abiatu du kanpaina, Carmen Calvo Espainiako Gobernuko presidenteordeak babestuta.

Your browser doesn’t support HTML5 video

Idoia Mendia PSE-EEko lehendakarigaiak esan du Euskadiko Alderdi Sozialistari botoa ematea dela aukera bakarra, "abertzaleek beren nahasteekin korapilatu ez gaitzaten eta inor atzean utziko ez duen gobernu zentratu bat izateko".

PSE-EEk Bilbon abiatu du Legebiltzarreko hauteskundeetarako kanpaina. Idoia Mendiak Carmen Calvo Espainiako Gobernuko presidenteordearen babesa izan du ekitaldian.

"Herritarrek eta osasun arloko langileek ahalegin handia egiten dute, eta orain guk maila bera emango dugu. Batzuek liskarra nahi duten bitartean, guk konponbideak eskainiko ditugu", adierazi du.

Mendiak PSE-EEren alde bozkatzeko deia egin du, "ezkerreko alderdi arduratsua" dela ziurtatuta eta Jaurlaritza "abertzaleen tentazioetatik urrunduta" mantenduko dutela aginduta.

"Herri honetan egonkortasuna eta lasaitasuna behar ditugu, eta hori transmitituko dugu kanpainan", erantsi du.

Mendiaren ustez, koronabirusaren pandemiak agerian utzi du "bakarrik ezin dugula" aurrera egin eta, ondorioz, Espainiako Gobernuarekin elkarlanean aritzea ezinbestekotzat jo du. "Estatutu sendoa dugu eta Espainiako Gobernuko presidenteak euskal autogobernuan sinesten du. Hortaz, orain erakunde guztien politikak bateratu behar ditugu, eta sozialistak gobernu guztietan gaude", nabarmendu du.

Amaitzeko, Euskadik "erreskate sozialerako plana" behar duela esan du, "eta ez nazioa salbatzeko plana".

Bestalde, Carmen Calvok Euskadiko Alderdi Sozialistaren "leialtasuna" eskertu du eta Idoia Mendiaren jarrera goraipatu du: "Beste modu batera joka zenezakeen, baina ez duzu horrelakorik egin. Badakizu Espainiako sozialista guztiak ondoan dituzula".

Halaber, PSOEk Gernikako Estatutua errespetatzen duela eta bete egin behar dela esan du. "Guk ez dugu arazorik lurralde aniztasuna aitortzeko, gure historiaren elementua baita hori", gaineratu du.

 

Bideoak (1)