ETB1eko debatea
Zerbitzu publikoak eta pandemiaren ondorena izan dira debateko eztabaidagai nagusiak
Gaizka Palacios | EITB.EUS
Pandemiaren kudeaketa eta koronabirusak eragindako krisi sozioekonomikotik ateratzeko proposamenak izan dituzte hizpide hauteskunde-kanpainako lehen debatean.
Koronabirusak hildakoak gogoratuz eta haien senide eta lagunei babesa helaraziz hasi dute lehen hauteskunde-debatea Iñigo Urkullu (EAJ), Maddalen Iriarte (EH Bildu), Miren Gorrotxategi (Elkarrekin Podemos-IU), Idoia Mendia (PSE-EE) eta Jose Ramon Becerra (EQUO Berdeak) lehendakarigaiek eta Laura Garrido PP+Cs koalizioko Arabako 'bigarrenak'.
Debatearen lehen zatian, krisi ekonomikoa izan dute hizpide. Denek aitortu dute egoera oso larria dela, baina EH Bilduk, Elkarrekin Podemosek eta Equo Berdeakek azpimarratu dute koronabirusaren pandemiak "lehendik existitzen ziren arazo estrukturalak" utzi dituela agerian.
Urkulluk esan du Araba, Gipuzkoa eta Bizkaiko ekonomiak bederatzi puntuko jaitsiera izango duela eta litekeena dela 78.000 lanpostu galtzea. Alabaina, "egoera horri aurre egiteko baliabideak baditugu: Eusko Jaurlaritzak aurrekontu bat dauka, Espainiatik eta Europatik etorriko diren laguntzak izango ditugu eta zorra handitzeko aukera ere egongo da", adierazi du.
Halaber, murrizketarik egingo ez duela eta zergarik igoko ez duela agindu du. "Lehentasuna enplegua sortzea izango da. Zortzi urtetan langabezia-tasa % 10etik behera jaistea lortu dugu eta orain ere egingo dugu. Egonkortasuna bermatuta eta inbertsioak eginda, lanpostuak sortuko ditugu", azaldu du.
Iriartek eragile politiko, ekonomiko, sindikal eta sozialekin itun bat egitea ezinbestekotzat jo du krisi ekonomikoa gainditzeko, eta Urkulluri esan dio ez dela nahikoa lanpostuak sortzea, "kalitatezko enplegua behar dugulako". Ildo horretan, EH Bilduren proposamenak aipatu ditu: 1.200 euroko gutxieneko soldata, 35 orduko lan-astea, lan-erreforma indargabetzea eta kontratu prekarioak amaitzea.
Gorrotxategiren arabera, pandemiak "aurrez sortutako arazo estrukturalak" okertzea ekarri du. "Guk enplegua egonkortzea, lan-ikuskaritza indartzea, gutxiengo soldata bermatzea, gazteentzako enplegu plan bat egitea, zerga-sistema justuago bat ezartzea, COVID-19 tasa sortzea eta gastu publikoa handitzea proposatzen dugu", erantsi du.
Garridok esan du Euskal Autonomia Erkidegoak "plan integrala eta instituzionala" behar duela krisi ekonomikoa gainditzeko, eta autonomoak babesteko lege berezi bat sortzea aldarrikatu du, Eusko Jaurlaritzak langile horiek bazterrean utzi dituela salatuta.
Urkulluk esandakoaren ildotik, Mendiak ere ezinbestekotzat jo du "egonkortasuna" bermatzea "hazkunde ekonomikoa lortzeko eta enplegua sortzeko". Erronka handia dela azpimarratuz, PSE-EEko lehendakarigaiak esan du pandemiak argi utzi duela "bakarrik ezin garela inora joan". Horregatik, "gobernu guztiak koordinatuta eta eragile sozialekin elkarlanean" aritu behar direla azpimarratu du.
Becerrak deitoratu du Jaurlaritzak orain arte bideratu dituen "laguntza gehienak enpresa handientzat" izan direla eta enpresari txikiek eta autonomoek "gutxi" jaso dutela. Aurrerantzean hartu beharreko bidea zein den erabaki behar dela esan du: "Guk ez dugu lehengora bueltatu nahi. Normaltasun berri bat nahi dugu".
BIDEOA | Ekonomia eta enpleguari buruzko eztabaida
Osasun arloari dagokionez, EAJ izan ezik, gainerako alderdietako ordezkariak bat etorri dira osasun zerbitzuetan inbertsioak indartu egin behar direla esatean. Iriartek, Gorrotxategik, Garridok eta Becerrak Urkulluk "kudeaketa txarra" egin duela kritikatu dute.
EH Bilduko lehendakarigairen hitzetan, "EAJk urte luzeetan egindako murrizketak bukatzea" ezinbestekotzat jo du, eta Garridok erantsi du horrez gain "zerbitzu publikoak pribatizatzeari utzi" behar zaiola.
Urkulluk, berriz, ukatu egin du murrizketarik egin izana. Alderantziz, "2013tik aurrera Jaurlaritzak urtez urte aurrekontua handitu" duela ziurtatu du. "Lau urtetan 400 milioi igo da aurrekontua osasunean, 3.000tik gora plaza esleitu dira eta azpiegituretan 400dik gora milioi inbertitu ditugu", nabarmendu du.
Lanpostu berriak aipatuta, Garridok Osakidetzako lan-eskaintza publikoko azterketetan izandako irregulartasunen auzia gogorarazi dio jarduneko lehendakariari. Iriartek gaineratu duenez, kasu horrek eta Osasun sailburuaren dimisioak "oraindik gehiago ahuldu du lehendik ahul zegoen osasun sistema".
Halaber, Gorrotxategik Urkullu kritikatu du Jaurlaritzak egin dituen "inbertsioen % 30 osasun zerbitzu pribatura" bideratu dela ohartaraziz. "Urkulluk datu absolutuak eman ditu, baina Barne Produktu Gordinaren beherakada izan da", gaineratu du Iriartek.
BIDEOA | Osasun sistemari buruzko eztabaida
Zerbitzu sozialei dagokienez, Gorrotxategik Diru-sarrerak Bermatzeko Errenta ez dela nahikoa adierazi du, "behar dutenen herenak ez dutela jasotzen, eta jasotzen dutenen artean ere herenak pobre izaten jarraitzen duelako".
Ildo horretan, Mendiak esan du erreformak egiteko momentua dela, eta, besteak beste, Diru-sarrerak Bermatzeko Errenta eguneratzearen alde agertu da, "inor atzean ez uzteko".
Becerrak, berriz, bizitzeko gutxieneko soldata zabaltzea proposatu du, "autonomoek, pentsiodunek, alargunek, gazteek edota migratzaileek jaso dezaten".
Iriartek "zaintzaren krisitik kolapsora" pasatu garela esan du eta adineko pertsonentzako zentroak interbenitzea proposatu du, denak publikoak izan daitezen eta bertako langileen baldintzak hobetzeko. Zerbitzu sozialak kudeatzeko erakunde bakarra izatea ere proposatu du.
Garridoren ustez ere, koronabirusaren pandemiak agerian utzi du zahar-etxeen kudeaketaren inguruan hausnarketa bat egin behar dela.
Urkulluk, ostera, Araba, Gipuzkoa eta Bizkaiko politika sozialak "eredugarriak" direla esan du. "Aurrekontuaren hiru laurdenak gastu soziala bermatzeko dira, Lanbidek % 20 handituko ditu lanerakotzeko baliabideak", gaineratu du.
Halaber, "laguntza sozialak lana topatzera" bideratu behar direla iritzi dio.
BIDEOA | Gizarte politikoei buruzko eztabaida
Euskarari eta hezkuntzari buruzko tartean, Garridok esan du euskara "guztion ondarea" dela eta "bultzatu" egin behar dela, "baina lurraldeen errealitatea kontuan hartuta".
PPk beti esaten duela gauza bera leporatu dio Iriartek, baina "euskaldunak euskaraz bizitzeko eskubidea dauka, eta ez dakienak ikasteko eskubidea, eta hori orain ez dago bermatuta". Lortutakoa galdu gabe, "administrazio euskalduntzeko unea da", erantsi du.
Gorrotxategik ere, ezinbestekotzat jo du "administrazioren arreta zerbitzuak euskaraz jaso ahal izatea".
Garridok EH Bilduko eta Elkarrekin Podemoseko lehendakarigaiei erantzun die jendeak "titulu bat izateko" ikasten duela euskara, "eta hori penagarria da".
Alderdi Popularrak eta Ciudadanosek euskarari buruz duten jarrera kritikatuta, Urkulluk nabarmendu du Jaurlaritzak arlo horretan ezarritako helburuak bete egin dituela: "10 gaztetatik 8 euskal hiztunak dira, euskara ikastea doakoa da B2 mailara arte eta euskara sustatzeko ahaleginak egin ditugu, Euskaraldia bezalako ekimenekin".
Mendiaren ustez, euskararen erabilera bultzatu beharra dago, "baina hezkuntzaren erronka ingelesa da". "Lehiakorrak izateko, ingelesa behar dugu", azpimarratu du.
Becerrak adierazi du euskara ikastea "doakoa" izan beharko litzatekeela, eta ingelesa ez dela hezkuntza sistemako arazo nagusia. "Gure sistemaren arazo nagusia berdintasun eza da, ikasleen artean eta ikastetxeen artean. COVIDek agerian utzi du arrakala asko daudela: digitala, ekonomikoa, akademikoa… Hezkuntza sistema indartzeko baliabideak behar dira", nabarmendu du.
BIDEOA | Hezkuntzari eta euskarari buruzko eztabaida
Ingurumenari eta larrialdi klimatikoari buruzko blokean, Mendia Zaldibarko zabortegiko luiziari buruz aritu da. Gertatutakoa "tragedia bat" izan zela eta harrezkero hondakin artean lurperatuta dauden bi langileak aurkitu arte ez dutela etsiko agindu du.
Horrelako hondamendirik berriro ez gertatzeko eta zabortegietan legea errespetatzeko datorren agintaldian araudia aldatzea proposatu du.
Becerrak erantzun dio horrekin ez dela nahikoa, hondakinak kudeatzeko eredua aldatu behar dela eta zabortegien kontrola hartu behar dela.
Iriartek ere antzeko adierazpenak egin ditu: "Zaldibarkoak erakutsi du ez zegoela inolako kontrolik zabortegian".
Urkulluk esan du Legebiltzarreko Diputazio Iraunkorrean agerraldia egin zuela gertakari horren kudeaketari buruzko azalpenak emateko, eta konpromiso batzuk hartu dituela erantsi du, besteak beste, hondakinak kudeatzeko zentro publiko bat sortzeko.
BIDEOA | Ingurumenari eta larrialdi klimatikoari buruzko eztabaida
Eztabaidaren azken blokean, balizko koalizioak eta itunak izan dituzte hizpide hautagaiek.
Gorrotxategik kanpainan esandakoa berretsi, eta bere apustua EH Bildurekin eta PSE-EErekin ezkerreko gobernu bat osatzea dela adierazi du.
Aukera horri buruz galdetuta, Mendiak esan du Alderdi Sozialistak ez diola betorik jarri koalizio subiranistari, eta Legebiltzarrean Etxebizitza Legea adostu zutela jarri du horren erakusgarri. Gobernua osatzea, baina, beste kontu bat dela esan du, eta "Sortuk oraindik ez du gaitzetsi ETAren indarkeria", kritikatu du.
Bestalde, Urkulluk esan du bere helburua autogobernuan sakontzean dela, falta diren eskumenak lortzea eta Espainiako Estatuarekin aldebiko harremana izatea.
Iriartek ohartarazi du aldebikotasun hori ezinezkoa dela. "Pandemian ikusi dugu Sanchezek autonomia kendu eta jarri egin duela hala nahi izan duenean. Guk Euskal Herri libre eta justua eraiki nahi dugu. Euskal Errepublika sortzea da gure hautua", azpimarratu du.
Garridok ere, ETA aipatu du tarte honetan. Bizikidetza "sendotu" egin behar dela eta bide horretan "Legebiltzarreko alderdi guztiek terrorismoa gaitzestea" ezinbestekoa dela esan du.
Becerrak, berriz, "betiko blokeak" gainditzeko eta Araba, Gipuzkoa eta Bizkaia berreraikitzeko gobernu bat eratzeko proposamena egin du. "Zergatik ez dugu osatzen berreraikitze gobernu bat Euskadin, guztion artean, Nafarroan egin dugun bezala? Ezohiko egoera batean ezohiko neurriak behar dira", nabarmendu du.
BIDEOA | Balizko itunei buruzko eztabaida
BIDEOA | Iñigo Urkulluren azken mezua
BIDEOA | Maddalen Iriarteren azken mezua
BIDEOA | Miren Gorrotxategiren azken mezua
BIDEOA | Laura Garridoren azken mezua
BIDEOA | Idoia Mendiaren azken mezua
BIDEOA | Jose Ramon Becerraren azken mezua