Itxi

Hauteskunde-kanpaina

"Akordio ausartak ixteko ahalmena duela" adierazi du Equo Berdeakek

Agentziak | Erredakzioa

Leer en Castellano

EAJk berdintasuna izan du hizpide; EH Bilduk, boto progresista; Elkarrekin Podemos-IUk, ezkerreko Gobernua; PP+Cs koalizioak, PSE-EE; eta PSE-EEk, interdependentzia.

Equo Berdeakek Gasteizen egin du kanpainako ekitaldi nagusia. Argazkia: Equo Berdeak.

Hautesleei botoa eskatzeko baliatu dute euskal alderdiek hauteskunde autonomikoetarako kanpainako azken larunbata. Horrela, EAJk konpromisoa hartu du Euskadi kokatzeko "genero-berdintasuna handiena duten Europako zortzi herrialdeen artean", Arnaldo Otegik eskatu du boto progresista EH Bildun biltzeko, Elkarrekin Podemos-IUko Miren Gorrotxategik ezkerreko indarrak batzeko deitu du berriro, "euskal gizartearen nahiari erantzuteko", PP+Cs koalizioak aurpegiratu dio Pedro Sanchezi "PSE-EE salgai" jarri duela, agintean jarraitzeko, eta Espainiako Gobernuko ministro Arancha Gonzalez Layak, PSE-EEko ekitaldi batean, adierazi du ez dela independentziarako garaia, baizik eta "interdependentzia ondo kudeatzekoa", eta Equo Berdeakek esan du "akordio ausartak ixteko ahalmena" duela.

EAJk konpromisoa hartu du Euskadi kokatzeko "genero-berdintasuna handiena duten Europako zortzi herrialdeen artean"

Iñigo Urkullu EAJko lehendakarigaiak bere alderdiko helburutzat jo du Euskadi kokatzea "genero-berdintasuna handiena duten Europako zortzi herrialdeen artean", eta, horretarako, konpromisoa hartu du emakumearen aurkako indarkeria prebenitu eta saihesteko Eusko Jaurlaritzaren inbertsioa % 30 handitzeko. Goizean, Bilbon, Urklluk kanpaina-ekitaldi batean parte hartu du; ekitaldiak berdintasuna izan du hizpide, eta Inmaculada Boneta legebiltzarkide ohia eta Bizkaiko hautagai Maitane Ipiñazar ere bertan izan dira.

BIDEOA | Emakumeen aurkako indarkeria saihesteko inbertsioa % 30 handituko du EAJk

Urkulluk bere hitzaldian esan duenez, berdintasuna, EAJren programan, "lehen mailako helburua da"; ohartarazi du kontu hori "guztiona" dela, "etxetik hasita, eta, gerora, harreman-eremu guztietan: hezkuntzan, lan-munduan, aisialdian…".

Berdintasunaren aldeko lana "komuna da, talde-lana", Urkulluren iritziz: "Benetako aukera-berdintasuna egoteko, hori da beharrezko baldintza, gizarte-kohesioaren oinarria". Testuinguru horretan, konpromisoa hartu du Legebiltzarrean onartzeko berdintasunerako eta indarkeria matxistaren aurkako legearen aldaketa, eta helburutzat jo du "berdintasun-arloko aurrerapena sendotu, erronka berriei erantzuna eman eta indarkeria matxistaren aurkako pauso sendoak ematen jarraitzea".

Arratsaldean, Gasteizen, EAJko presidente Andoni Ortuzarrek gaitzetsi du Ciudadanosek, hau da, euskal autogobernuaren aurka azaldu den alderdi batek, igandean, "Gernikako Arbolaren aurrean" eskatuko duela botoa: "Gustura ebakiko lukete. PPko ustezko foruzaleak ere bertan izango dira".

BIDEOA | Ciudadanos igandean Gernikako Arbolaren ondoan egotea gaitzetsi du EAJk

Arabako hiriburuan egindako mitinean, Iñigo Urkulluk herritarrei eskatu die pentsatzeko, botoa eman aurretik, noren esku utziko duen koronabirusak eragindako krisiaren irteeraren ardura. Esan duenez, hori da hauteskunde hauetako "galdera gakoa", eta ziurtatu du erantzuna EAJ dela; EAJ, haren esanetan, "ziurtasuna, zorroztasuna, esperientzia, konpromisoa, egonkortasuna eta konfiantza" da.

Arnaldo Otegik boto progresista EH Bildun biltzeko eskaria egin du

EH Bilduko koordinatzaile nagusi Arnaldo Otegik boto progresista bere koalizioan biltzeko deia egin du; izan ere, EAEko hauteskundeak "lehiatzeko" aukera bakarra da. Bilboko Plaza Barrian egindako hauteskunde-mitin batean, Maddalen Iriarte EH Bilduko lehendakarigaiarekin eta Marta Vilalta ERCko bozeramailearekin batera, Otegi "herrialdeko eragile progresista eta subiranista" guztiei zuzendu zaie: "Uztailaren 12an aldaketa hasiko da, eta arduraz aukeratu beharko dugu. Egun hori Euskal Herriarentzat eta herri langilearentzat da".

BIDEOA | Hainbat ustelkeria-kasurekin lotu du EAJ marka Maddalen Iriartek

Otegiren iritziz, hauteskunde hauetan, batzuek "uko egitearen eta etsipenaren alde" egin dute, eta beste batek, EH Bilduk, "gauzak aldatu nahi ditu, bai eta subiranotasuna berreskuratu ere". EAJ gaitzetsi du; izan ere, Otegiren iritziz, azken alderdi horrek nazio-subiranotasunari uko egin dio, eta Estatutuaren erreforma bat nahi du, "Espainiako Estatuan autonomia-erkidego bat izaten jarraitzeko". PSE-EEri dagokionez, ezkerraren uko egitea salatu du: "Lehen, Ezkerraldean, boto asko lortzen zituen; orain, EAJren makulua da".

Maddalen Iriarte lehendakarigaiak, bere aldetik, nabarmendu du koalizioa 120 Udal baino gehiago zuzentzen dituela, eta ez duela ustelkeria-kasurik izan. Hortaz, eskatu die hautesleei aukeratzeko "zintzotasuna, ala gezurra; enpatia, ala apatia". "EH Bilduk inoiz ez du eskua kutxan sartu; beste batzuek ezin dute gauza bera esan", gehitu du.

BIDEOA | EH Bilduk bere ''zintzotasuna'' aldarrikatu du, Bilbon

Iriartek aldarrikatu duenez, zintzotasuna EH Bilduren ezaugarrietakoa da; EAJ, aldiz, "hainbat ustelkeria-kasutan izan da tartean". "EH Bildun, dioguna egiten dugu, eta egiten duguna esaten dugu. Hitza izan behar da. Fidagarria izan behar zara. EH Bilduk dozenaka erakundetan gobernatu du eta gobernatzen ari da, eta inoiz ez du eskua kutxan sartu. Beste batzuek, aldiz, ezin dute hori bera esan", azpimarratu du.

Gorrotxategik ezkerreko indarrak batzeko deitu du berriro, "euskal gizartearen nahiari erantzuteko"

Miren Gorrotxategi Elkarrekin Podemos-IUko lehendakarigaiak berriro ere egin die deia Euskadiko ezkerreko indar politikoei: "Egin dezagun bat, askoz ere gehiago da lotzen gaituena bereizten gaituena baino. Euskal gizartearen gehiengoaren nahia da ezkerreko Gobernua izatea; egin dezagun guztion artean". Arrasaten egindako ekitaldi politiko batean, Gorrotxategik adierazi du "une historikoa bizitzen ari garela"; horregatik, "hauteskunde hauek oso garrantzitsuak dira", kontuan izanik, halaber, herritarrek erabakia hartu behar dutela, COVID-19aren pandemiarekin, "krisiaren ondorioak nola kudeatu behar diren zehazte aldera".

BIDEOA | Gorrotxategik botoa eskatu du, krisitik ateratzeko politikak eskuinekoak ez izateko

Ildo horretan, Elkarrekin Podemos-IUko lehendakarigaiak nabarmendu du aukera dagoela "aurreko krisiko bideak hautatzeko, hau da, eskuinetako politiketan oinarritutako bideak", ala, aldiz, "aldatzeko, eta krisiaren kudeaketari ezkerreko politiken bidez heltzeko". "Pandemiak frogatu du aurrekoak bide txarrak izan zirela; gizarte-sufrimendu handia eragin zuten, eta, gainera, ez ziren ekonomiarako onak izan; horregatik, erabat aldatu behar dugu, eta ezkerreko beste politika-mota batzuk hartu behar ditugu abiapuntu", aldeztu du.

Gorrotxategi, Arrasateko hauteskunde-ekitaldian, Pilar Garrido Podemos Euskadiko autonomia-koordinatzailearekin, Jon Hernandez hautagaiarekin eta Rafa Mayoral Unidas Podemoseko diputatuarekin izan da. Mayoralek nabarmendu du "garaia dela" Euskadin, "behingoz", emakume lehendakaria egoteko.

Arratsaldean, Barakaldon, Elkarrekin Podemos-IUk eskatu du, pandemiak eragindako krisiaren aurrean, "bide progresistak baliatzea", hau da, 2008ko krisian ezarritakoen kontrako bideen alde egitea. Miren Gorrotxategik adierazi duenez, horregatik ari da esaten, behin eta berriz, "ezkerreko Gobernua osatu behar dela; hori baita beharrezkoa, eta hori dagokigu eta".

BIDEOA | Krisitik ateratzeko eredua dago jokoan, Elkarrekin Podemos-IUren iritziz

PP+Cs koalizioak aurpegiratu dio Pedro Sanchezi "PSE-EE salgai" jarri duela, agintean jarraitzeko

PP+Cs koalizioko lehendakarigai Carlos Iturgaizek, goizean, aurpegiratu egin dio Pedro Sanchez Espainiako Gobernuko presidenteari "PSE-EE salgai" jarri duela, agintean betikotzeko. Koalizioak hauteskunde-ekitaldia egin du Donostian, Miramar Jauregiko lorategietan, eta Iturgaizek Fernando Savater filosofoaren eta Maite Pagazaurtundua UPyDko eurodiputatuaren babesa jaso du.

BIDEOA | Abertzaleek uste dute ''lur hau eurena dela'', Iturgaizen esanetan

PP+Cs, uztailaren 12ko hauteskundeetan, "euskal konstituzionalismoaren aukera bakarra" da, Iturgaizen esanetan; izan ere, adierazi duenez, "PSE-EEk EAJrekin bat egitea erabaki du". Hautagaiak hori deitoratu egin du: "Hainbat urtetan, nahiz eta aldeak genituen, PSE-EE eta Euskadiko PP elkarrekin geunden borrokan, askatasunaren alde, eta abertzaletasunaren hegemonia ideologiko eta banatzailearen aurka".

Garai hartako PSE-EEk "ez zuen akordiorik sinatuko Kongresuan ETAren oinordekoekin", eta ez zituen onartuko "Otegiren botoak, Nafarroan agintea lortzeko", esan du PP+Cs koalizioko hautagaiak: "Garai haiek desagertu egin dira. PSE-EE hura ez da existitzen egun, eta ez dirudi bueltatuko denik, Pedro Sanchezek salgai jarri baitu. Agintean jarraitzeko baldintzarekin, eserlekuak eskaintzaile abertzaleari saltzen dizkio", salatu du.

BIDEOA | PP+Cs: ''Konstituzionalismoaren ahotsa entzutea inoiz baino beharrezkoagoa da''

Gonzalez Layak dio ez dela independentziarako garaia, baizik eta "interdependentzia ondo kudeatzekoa"

Espainiako Gobernuko Atzerri gaietako, EB eta Kooperazio ministro Arancha Gonzalez Layaren iritziz, "XXI. mendean, kontua ez da independentziako ametsei jarraitzea, edo independentzia mamuei eustea", baizik eta "gure interdependentzia ondo kudeatzea, elkarren artean hitz eginez eta lan eginez". Goizean, Irunen, mitin batean izan da Gonzalez Laya, Idoia Mendia PSE-EEko lehendakarigai eta idazkari nagusiarekin batera; Espainiako ministroak euskal sozialisten "zintzotasuna, duintasuna, profesionaltasuna, konpromisoa eta koherentzia" aldeztu ditu.

BIDEOA | Partekatutako subiranotasunaren alde egin du Gonzalez Laya Espainiako ministroak

Bere aldetik, Idoia Mendia lehendakarigaiak berretsi du "egun, inoiz baino gehiago, COVID-19ak sortutako krisian", herritarrek "ziurtasunak" behar dituztela. Esan duenez, PSE-EEk ez du ezer ezkutaturik hauteskunde-programan: "Ez dago zatikatzen duen kontsultarik, ezta ezegonkotarsun-arriskurik ere".

"Konfiantza merezi duen eta elkarlanean ibili nahi duen Jaurlaritza" nahi duten herritarrei eskatu die botoa Mendiak: "Espainian partekatua den proiektuarekin bat egin eta Europak eskaintzen digun trenera igotzea nahi duten" hautesleei zuzendu zaie. "Askoz ere Europa gehiago behar dugu, eta abertzaletasun gutxiago; elkarlan handiagoa behar dugu, lehiaketa txikiagoa. Espainia eta Europa sozialak izatea behar du Euskadik", gehitu du.

BIDEOA | PSE-EEk herrialdeen arteko ''interdependetzia'' aldarrikatu du

"Akordio ausartak ixteko ahalmena" duela dio Equo Berdeakek, EH Bildu eta Elkarrekin Podemos-IU "ezer ez lortzeko gai diren bitartean"

"Krisi honetatik hobeak irteteko moduko akordio ausartak ixteko gaitasuna duen Eusko Legebiltzarreko indar bakarra"; hala aldarrikatu du bere burua Equo Berdeakek. EH Bildu eta Elkarrekin Podemos-IU, bitartean, "ez dira gai ezer lortzeko", Equo Berdeaken iritziz, "kritikan geratzen baitira, eta interes alderdikoiak interes orokorren aurrean kokatzen dituztelako".

Argazkia: Equo Berdeak.

Larunbat honetan, Equo Berdeakek hauteskunde-ekitaldi nagusia egin du. Joserra Becerra lehendakarigaia bertan izan da, Ines Sabanes Kongresuko Equoko diputatuarekin eta alderdi berdeak Madrilgo Batzarrean dituen diputatu Maria Pastor eta Alejandro Sanchezekin. Becerrak nabarmendu duenez, Euskadik "indar desberdin bat behar du, bai eta garai hauen eta euskal herritarren parean dagoen berreraikitze-plan bat ere. Horretarako, akordio ausartak behar dira, gehiengoaren interesak interes partikularren aurrean kokatzen dituzten akordioak".

Informazio gehiago (1)