Itxi

Hauteskunde-kanpaina

EH Bildu: "EAJk abertzaleen arteko akordioa egiteko aukera guztiak baztertu ditu"

Agentziak | Erredakzioa

EAJk toki-merkataritza izan du hizpide; Elkarrekin Podemos-IUk, Gobernu aurrerakoiaz; PP+Cs koalizioak, EAJrentzako botoez; PSE-EEz, boto masiboaz; eta Equo Berdeakek, "eskuin-muturrekoaz".

EH Bilduk Bergaran egin du, goizean, ekitaldi bat. Argazkia: EFE.

Igande honetako EAEko hauteskundeetarako kanpainaren azken-hirugarren egunean, euskal alderdien hainbat ekitaldi izan dira. EAJk ostalaritzan eta toki-merkataritzan "galdutako lanpostu guztiak" berreskuratzea zehaztu du helburutzat; Arnaldo Otegik, EH Bilduko ekitaldi batean, EAJ gaitzetsi du, abertzaleen arteko akordiorik egoteko aukera guztiak baztertzeagatik; Espainiako Gobernuko Lan ministro Yolanda Diazek, Elkarrekin Podemos-IUko ekitaldi batean, aurrerapausoa eskatu die PSE-EEri eta EH Bilduri, Gobernu aurrerakoia osatzeko; Pablo Casadok, PP+Cs koalizioko ekitaldi batean, ohartarazi du EAJrentzako botoak "Unidas Podemosen hautestontziarekin lotuta dagoen hautestontzi batean" bilduko direla; Idoia Mendiak eskatu du progresista guztiek botoa eman dezatela, PSE-EEk "boto masiboa" behar baitu; eta Equo Berdeakek botoa eskatu die herritarrei, "eskuin-muturrekoa ez sartzeko Eusko Legebiltzarrean".

EAJk ostalaritzan eta toki-merkataritzan "galdutako lanpostu guztiak" berreskuratzea zehaztu du helburutzat

Iñigo Urkullu EAJko lehendakarigaiak hurrengo legegintzaldirako "helburutzat" jo du ostalaritzan eta toki-merkataritzan "galdutako lanpostu guztiak" berreskuratzea; izan ere, koronabirusaren pandemiak bereziki gogor astindu ditu sektore horiek. Urkllu EAJk Bilbon egindako ekitaldi batean izan da, Erriberako Merkatuaren ondoan, merkataritzan gaineko sektore-ekitaldi batean hain zuzen. Bizkaiko zerrendaburu Leixuri Arrizabalaga ere bertan izan da.  

BIDEOA | EAJk babesa erakutsi nahi izan dio gaur bertako merkataritzari eta ostalaritzari

Iñigo Urkulluren esanetan, merkataritza- eta ostalaritza-jarduerak "gure gizarte-ereduko oinarrizko ezaugarrietakoak dira"; izan ere, "gizarte-harremanak dinamizatzen dituzte, hiriko bizitza indartzen dute, eta ekonomia eta toki-enpresa txikiak bultzatzen dituzte". Halaber, "toki-enplegua sortu eta hari eusteko eragileak dira". "Gure hiri, herri, auzo eta kaleei bizitza eta nortasuna ematen diete, eta bizipoza ekartzen dute", nabarmendu du. "Autonomoak, '0 kilometroko' merkataritza, ostalaritza eta sukaldaritza EAJko estrategiaren erreferenteetakoak dira, gure lehentasuna dira".

Arratsaldean, Donostian, Iñigo Urkulluk ohartarazi die hautesleei igandean "busti egin beharko dutela", erantzuteko "hauteskunde hauetako galderari"; hain zuzen ere, "noren esku utziko dugun krisiaren irteera". Hautagaiak parte-hartze handia eskatu du: "Ez bozkatzea kanpo geratzea da, etorkizuneko erronkez ez arduratzea", eta botoa ematea, aldiz, "bustitzea da, erabakitzeko nork aginduko duen krisiaren irteeran".

BIDEOA | EAJk nazioarteko 20 buruzagiren baino gehiagoren babesa jaso du

Azkenik, EAJk jakinarazi du nazioarteko hogei liderrek baino gehiagok babesa eman diotela alderdi jeltzaleari igandeko hauteskundeei begira, sare sozialen bidez; besteak beste, Bertie Ahern Irlandako lehen ministro ohiak (Ipar Irlandako indarkeriari amaiera eman zion Ostiral Santuko Akordio historikoaren egilea izan zen) eta Federico Mayor Zaragoza Unescoko zuzendari nagusi ohiak eman diote babesa EAJri.

Arnaldo Otegik EAJ gaitzetsi du, abertzaleen arteko akordiorik egoteko aukera guztiak baztertzeagatik

Arnaldo Otegi EH Bilduko koordinatzaile nagusiak EAJ gaitzetsi du, "alderdia herrialdearen aurretik kokatzeagatik", eta "abertzaleen arteko akordio estrategikoa egiteko edozein aukera baztertzeagatik". Otegik Bergaran esan du hori, EH Bilduk egindako ekitaldi batean; Nerea Kortajarena Gipuzkoako zerrendako bigarrena eta Jose Luis Elkoro eta Martin Garitano agintari ohiak ere bertan izan dira. Olaso Dorrearen lorategian egin dute ekitaldia; eraikin hori XVI. mendekoa da, eta, besteak beste, Telesforo Monzon abertzale historikoa bertan bizi izan zen. 

BIDEOA | Arnaldo Otegik esan du EAJren buruzagiek uko egin diotela abertzaleen arteko aliantzari

"Sinbolismoz betetako" toki horretara joan da EH Bildu, "Euskal Herriaren erabakitzeko eskubidearekin duen konpromisoa berrestea helburu", esan du Otegik. Gogora ekarri duenez, Monzonek harreman estua izan zuen Jose Antonio Agirre lehendakariarekin; EH Bilduko koordinatzaileak salatu du, baina, "tamalez, EAJko egungo Zuzendaritzak ez duela Agirre abiapuntu hartzen, ezta Monzon ere. Bi horien apustua izan zen", zehaztu du, "herrialde honetako askapena eta independentzia abertzaleen batasunetik eraikitzea".

Gaur egungo EAJk, deitoratu du Otegik, "independentziari uko egin dio; aurrekoan Urkullu lehendakariak esan zuenez, zaharkituta dagoelako, eta, halaber, EAJk erabakitzeko eskubidea ukatzen dutenekin nahiago duelako itunak egin".

BIDEOA | Arnaldo Otegik jeltzaleei aurpegiratu die abertzaleen aliantzari uko egitea

Arratsaldean, Galdakaon egindako ekitaldi batean, Jasone Agirre Bizkaiko zerrendaburuak kezka agertu du Ordiziako koronabirus-berragertzeagatik: "Jendeak ez daki benetako irismena zein den, benetako datuak ez baitira ematen ari", esan du. Agirrek eskatu die EAJko eta PSE-EEko hautagaiei, hau da, Iñigo Urkulluri eta Idoia Mendiari, hurrenez hurren, "EH Bildurekin eta EH Bilduko Ordiziako alkate Adur Ezenarrorekin batera lan egin dezaten, osasun-larrialdi honi elkarrekin egin diezaiogun aurre".

Espainiako Gobernuko Lan ministro Yolanda Diazek aurrerapausoa eskatu die PSE-EEri eta EH Bilduri, Gobernu aurrerakoia osatzeko

Espainiako Gobernuko Lan ministro Yolanda Diazek "aurrerapausoa" eskatu die EH Bilduri eta PSE-EEri, Euskadin, hau da, "ezkerreko indarrek sistematikoki irabazten duten honetan", Gobernu aurrerakoia izan dadin; horretarako, Elkarrekin Podemos-IU "indartsu" irten behar da, hauteskundeetatik. Koalizioak Gasteizen egin du ekitaldia, eta, Diazekin batera, Miren Gorrotxategi lehendakarigaia, Pilar Garrido Podemos Euskadiko koordinatzailea eta Juantxo Lopez de Uralde Unidas Podemoseko diputatua izan dira. 

BIDEOA | Gobernu ezkertiarra osatzeko ahaleginean eusteko eskatu die jarraitzeei Yolanda Diazek

Diazen esanetan, Unidas Podemosek, Espainiako Gobernuan, "erakutsi du jendearen bizitza aldatu ahal dela, bai eta ahulenak babestu. Kaleratzeak eta etxegabetzeak debekatu egin dira; imajinatzen al duzue hori egingo zela Unidas Podemos ez balitz Gobernuan egon? Edo alokairurako luzamendua onartuko zela?", galdetu du Diazek. Haren apustua da "Espainian abian dagoen aldaketa Euskadira ere ekartzea". 

Miren Gorrotxategiren hitzetan, "Elkarrekin Podemos-IU indartsu batek bakarrik berma dezake EH Bildu eta PSE-EE euren gogogabetasunetik eta ghettoetatik irten daitezela, lortzeko, behingoz, Euskadin ezkerreko Gobernua gauzatzea".

BIDEOA | Betoak utzi eta urratsa ematera deitu ditu Miren Gorrotxategik PSE-EE eta EH Bildu

Orain arte, gaitzetsi du, PSE-EE "EAJren Gobernu-ekintzako nazionalismoa geldiaraztearekin konformatu da", eta EH Bilduk nahikoa izan du "EAJ gobernatzen uztearekin, betiere, EAJko izaera nazionalistan sakontzeko aukera izanda, nazio-eremuan akordioak egiteko baldintzarekin".

Pablo Casadok ohartarazi du EAJrentzako botoak "Unidas Podemosen hautestontziarekin lotuta dagoen hautestontzi batean" bilduko direla

PPko presidente Pablo Casadok ohartarazpena egin die botoa EAJri emango dioten hautesleei: "Boto-paper hori hautestontzi batean utziko duzue; bada, hautestontzi hori PSOErenarekin izango da lotuta, eta azken hori, halaber, Unidas Podemosenarekin". Donostian egin ditu Casadok adierazpen horiek, biofarmazia-sektorean dabilen Viralgen enpresa bisitatuta; Carlos Iturgaiz PP+Cs koalizioko lehendakarigaia eta Muriel Larrea Gipuzkoako hautagaia ere Casadorekin izan dira.

BIDEOA | Eskuineko botoa ez zatitzeko eskatu die herritarrei Carlos Iturgaizek

Iturgaiz, bere aldetik, "oso pozik" azaldu da; izan ere, haren iritziz, astearte honetako ETB2ko hauteskunde-debatean begi-bistan geratu zen Iñigo Urkullu EAJko lehendakarigaiak "autokonplazentzian" jarraitzen duela, "olatua egiten dioten bere bazkideekin", eta "lur honetan, derrigorrezkoa den nazionalismoaren aurrean, benetako alternatiba bakarra PP+Cs dela".

BIDEOA | Iturgaiz: 'Ni izan nintzen ETBko eztabaidan proposamen zehatzak jarri zituen bakarra'

"PP+Cs koalizioak neurriak eta etorkizunerako plana ditu, industria, ekonomia eta enplegua leheneratzeko: zergak murriztea, familiei eta autonomoei laguntzea; okupei 24 ordutan baino gutxiagotan bota ahal izan ditzagun; ezkerreko politikek suntsitu nahi duten itunpeko hezkuntzaren alde egiteko". Koalizioak, Iturgaizen hitzetan, "jendearengan eta herritarren benetako arazoetan" pentsatzen du.

Idoia Mendiak eskatu du progresista guztiek botoa eman dezatela, PSE-EEk "boto masiboa" behar baitu

Idoia Mendia PSE-EEko idazkari nagusi eta lehendakarigaiak eskatu du "progresista guztiek eman dezatela botoa" igandean, "nagitasuna progresista bati ere ez garaitzea", Euskadirako "etorkizunaren, bizikidetzaren eta aniztasunaren bermea" den PSE-EE "boto masiboa" behar baitu. Lasarte-Orian egin ditu adierazpen horiek Mendiak, ekitaldi batean, Eneko Andueza Gipuzkoako zerrendaburuarekin batera: "Hauteskunde hauetan erabaki beharko dugu geldirik geratuko garen, ala herrialdea prestatuko dugun, etor litezkeen balizko pandemien aurrean, eta modernizatuko dugun", adierazi du Mendiak.

BIDEOA | Progresista bakar bat ere ez dadila igandean etxean geratu eskatu du Idoia Mendiak

Eibarren asteartean izandako eraso matxista ekarri dute gogora Mendiak eta Anduezak, euren hitzaldien hasieran, eta elkartasuna agertu diote biktimari. Gerora, lehendakarigaiak nabarmendu du igandea "egun bikaina dela gogoratzeko guztion artean pandemia bat geldiaraztea lortu dugula"; izan ere, hori "erabaki ausarten bidez" erdietsi da: "Besteak beste, Pedro Sanchez presidenteak alarma-egoerarekin hartutako erabakiaren bidez". Halaber, egun ona da, Mendiaren iritziz, "osasun-sistemako zuloak estaltzeko, eta geure burua etorkizunari begira prestatzeko, inor atzean gera ez dadin".  

BIDEOA | Idoia Mendia: 'VOXen ideiak Iturgaizek sartuko ditu Legebiltzarrean'

Gerora, Gasteizen, Adriana Lastra PSOEko idazkariorde nagusiarekin partekatutako ekitaldi batean, Idoia Mendiak aldeztu du eskuin-muturra geldiarazteko "ez dela nazionalismo gehiagorik behar", baizik eta "sozialismo gehiago, Legebiltzarrean eta Jaurlaritzan ere": "Hori lortzeko, Arabako boto-paperarik onenak Gloria Sanchez du zerrendaburu; boto-zerrenda hori fidagarria den ezkerrarena da, gobernatzen eta akordioak egiten dakien ezkerrarena".

Equo Berdeakek botoa eskatu die herritarrei, "eskuin-muturrekoa ez sartzeko Eusko Legebiltzarrean"

Joserra Becerra Equo Berdeakeko lehendakarigaiak ohartarazi duenez, Araban lehian izango den azken aulkia koalizio ekologistak ala Voxek eskuratuko dute; hortaz, "eskuin-muturrekoa Eusko Legebiltzarrean sar dadila saihesteko", botoa eskatu die herritarrei. Amurrion egindako ekitaldi batean, Equo Berdeakek galdegin du parte-hartzea "masiboa" izan dadila, "Europan garaitu den olatu berdea Euskadira ere heltzeko".

Argazkia: Equo Berdeak.

Becerrak esan duenez, Arabako azken aulkirako, "iraupen-lasterketa" egingo dute Equo Berdeakek eta Voxek: "Igandean, boto erabilgarria Equo Berdeakentzakoa da; gure hautagaitza da Vox Legebiltzarretik kanpo utz dezakeen bakarra, eta, halaber, Euskadik aurrera egiteko behar dituen akordioak ixteko ahalmena duen bakarra ere bada", aldarrikatu du. Becerrak Santiago Abascalen alderdiaren "intrantsigentzia" gaitzetsi du, bai eta gainerako alderdien jarrera ere: "Betiko blokeetan jarraitzen dute, ainguratuta". 

Besteak: Animalien ongizatearen legea erreformatzea aldarrikatzen du PACMAk 

PACMAk animalien ongizatearen legea erreformatzea aldarrikatzen du. Alderdiak justizia soziala, ingurumenaren zaintza eta animalien eskubideen defentsa ditu helburu.

BIDEOA | Animalien ongizatearen legea erreformatzea aldarrikatzen du PACMAk

 

Informazio gehiago (1)