2012ko euskadiko hauteskundeak
Maeztu: 'EH Bilduk eta EAJk ez dute itunik oraingoz'
Erredakzioa
Aralarreko legebiltzarkidearen arabera, hauteskundeetako emaitzak jakin ostean hasiko dira beste alderdiekin hitz egiten.
Dani Maeztu Aralarreko koordinatzaileorde eta legebiltzarkidearen hitzetan, EH Bilduk oraingoz "ez du ezer egin", eta, "beste alderdi politikoekin hitz egiten hasteko eta EAJrekin edo beste alderdiren batekin itunak egiteko", urriaren 21eko hauteskundeetan "herritarren erabakia ezagutu arte" itxarongo dutela adierazi du.
Euskadi gobernatzeko, EH Bilduren eta EAJren artean itunik ez dagoela esan du Maeztuk Radio Euskadin egindako elkarrizketan. "Ez dago ezer lotuta, eta hauteskundeak igaro arte ez da ezer lotuta egongo", azaldu du Aralarreko legebiltzarkideak.
Aresen dimisioa
Horrez gain, Rodolfo Aresek lehenago dimititu behar zuela gaineratu du Maeztuk, "Kukutzako gaztetxearekin gertatutakoa ikusita, greba orokorrak egon direnean Ertzaintzaren kargak eta jarduna ikusita, Poliziak Xuban Nafarrate larri zauritu zuela ikusita, eta Cabacasen heriotza ikusita" dimititu behar izan zuela azpimarratu du.
Dani Maezturen ustez, larriena "Aresen portaera" izan da; izan ere, "egia ezkutatu du, eta kalean inork ikusten ez zituen gauzak ikusarazten saiatu da", horren esanetan.