Itxi

Legegintzaldiaren balantzea

Maneirok aldaketarako esperantza zapuztea leporatu die PSEri eta PPri

Erredakzioa

Lehendakarigaiak aurreko hauteskundeetan baino boto eta legebiltzarkide gehiago lortzea espero du, abertzaleen oposizio sendo bakarra delakoan.

Gorka Maneiro UPyDren lehendakarigaia. Argazkia: Efe

Gorka Maneiro UPyDren lehendakarigaiak esan du PSE-EEk eta PPk traizioa egin dietela boto-emaileei EAEn aldaketarako esperantza zapuzteagatik. Hori horrela, aurreko hauteskundeetan baino boto eta legebiltzarkide gehiago lortzea espero du, abertzaleen oposizio sendo bakarra delakoan.

Maneirok legegintzaldiaren balantzea egin du prentsaurreko batean, eta PSE-EEri eta PPri Legebiltzarrean izan duten "gehiengo konstituzionalista" aldaketa politikoa egiteko aprobetxatu ez izana leporatu die.

Gehiengo horrek "milaka euskal herritarren esperantza" piztu zuela azpimarratu du UPyDren lehendakarigaiak, baina azkenean ezerezean geratu zela "beldurragatik eta ausardia faltagatik".

Maneirok esan du ez dela "iruzur" horren arduradun sentitzen Patxi Lopezen inbestidura babesteagatik: urteetan abertzaleek agindu zutelako, ETAk zuzenean Eusko Jaurlaritzari mehatxu egin ziolako eta aldaketa politikorako esperantza zegoelako bozkatu omen zuen Patxi Lopezen alde.

Eusko Jaurlaritzak ez dituela ez egitasmo politikoa ez legegilea bete eta legegintzaldiaren balantzea "tamalgarria" dela salatu du Maneirok.

Era berean, gogor kritikatu du PSE-EEk eta PPk sinatu zuten oinarrizko akordioa bete ez izana. Gainera, egoera horren aurrean "PP geldirik, beste aldera begira eta lehendakariari presiorik egin gabe" aritu dela gogorarazi du.

Informazio gehiago (1)