Itxi

A21

1.795.212 herritar daude botoa ematera deituta, Eusko Legebiltzarra berritzeko

Mikel Dominguez | EITB Media

Leer en Castellano

09:00etan ireki dituzte hauteslekuak, normaltasunez, eta herritarrek 20:00ak arte eman ahal izango dute botoa. Emaitzak 22:30erako aurreikusita daude.

Hautetsontzia, hauteskundeetarako prest. Argazkia: EFE

Hauteskunde-eguna dugu gaur Euskal Autonomia Erkidegoan, datozen lau urteetan Eusko Legebiltzarrean eseriko diren ordezkariak aukeratu, eta, horrela, XIII. Legealdiari hasiera eman ahal izateko. Hauteslekuak 09:00etan ireki dituzte, normaltasunez, eta 20:00ak arte egongo dira irekita.

Iñigo Urkullu lehendakariak otsailean egin zuen hauteskundeen deialdia, eta indar politikoek gaurko egunera bideratu zituzten indarrak. Hauteskunde-kanpaina lasai joan da, eta soilik azken astean biziagotu da. 1.795.212 pertsona daude bozkatzera deituta, eta horietako 75.634 bozkatzeko eskubidea lehendabiziko aldiz izango duten gazteak dira. EAEko hiru lurraldeetako 729 hauteslekuetan jarritako 2.695 mahaietan egin ahal izango dute.

1.227 polizia izango dira gaurko segurtasunaz arduratuko den taldean: 939 ertzain eta 288 udaltzain.

Hiru barrutietan (Araba, Bizkaia eta Gipuzkoa) aurkezten diren zazpi hautagaitza Legebiltzarrean ordezkatuta izan dira aurreko legegintzaldian: Euzko Alderdi Jeltzalea-Partido Nacionalista Vasco (EAJ-PNV), Euskal Herria Bildu (EH Bildu), Partido Socialista de Euskadi-Euskadiko Ezkerra (PSE-EE), Partido Popular (PP), Elkarrekin Podemos, Sumar eta Vox.

Beste hautagaitza batzuk ere aurkituko ditu hautesleak: Por Un Mundo Más Justo-Bidezko Mundurantz (PUM+J), Escaños en Blanco para Dejar Escaños Vacíos-Aulki Zuriak Eserlekuak Hutsik Uzteko (EB-AZ) eta Partido Animalista Con el Medio Ambiente (PACMA). Gainera, Araban, Ongi Etorri (O. E.) ere aurkeztu da; Bizkaian, Partido Comunista de los Trabajadores de España (PCTE), Izan eta Partido Humanista (PH), eta Gipuzkoan, Izan.

Egunaren hasierari buruzko informazioa 10:00etan emango dute, eta 14:00etan eta 19:00etan, 13:00etako eta 18:00etako parte-hartzearen datuak, hurrenez hurren.

Behin hauteslekuak itxita, 21:03an, lehenengo emaitzak emango dira. 22:30erako % 100 zenbatuta egotea aurreikusten dute.

Behin betiko emaitzak, baina, apirilaren 26an ezagutuko dira. Ordurako, balizko erreklamazioak ebatzi eta kanpoan bizi diren hautesleen botoak zenbatu beharko dituzte.