Elkarrizketa
Patxi Lopez: 'Independentzia ez da irtenbidea, kontrakoa baizik'
Erredakzioa
Lehendakariak uste du "agerian" utzi dutela "autogobernuak krisiari aurre egiteko tresna nahikoa" eskaintzen duela, izan ere, "hori dio defizitaren datuak".
Patxi Lopez lehendakariak aldarrikapen independentistak kritikatu ditu, eta hori ez dela irtenbidea azpimarratu du, "kontrakoa baizik, bakoitzak bereari heltzea baita".
PSE-EEren hautagaiak Radio Vitorian egindako elkarrizketa batean azaldu duenez, "herritarren arazoei, langabeziari eta ongizateari konponbidea emango dien gobernua da behar duguna. Ez dugu independentziara eramango gaituen marko politiko berririk behar".
Lehendakariaren esanetan, "autogobernuak krisiari aurre egiteko tresna nahikoa" eskaintzen duela "erakutsi du Jaurlaritzak, eta frogatuta geratu da defizitaren datuarekin (Estatuko baxuena)".
Fiskalitatea
Fiskalitateari dagokionez, gogor kritikatu du EAJren jarrera, legegintzaldian "erreforma fiskala blokeatu" duelako, nahiz eta "gure erreformaren helburu nagusia iruzurraren kontrako borroka izan". Orain, ordea, kanpainaurrean, EAJk "manifestazioaren buruan" jarri nahi omen du fiskalitate alorrean.
Patxi Lopezen arabera, EAJk hauteskundeetara begira erabili nahi du gai hori, izan ere, "erreforma fiskalari muzin egin izan dio, baina Jaurlaritzaren lana oztopatzeko soilik; eta orain, hauteskundeak datozenean, erreforma fiskala egin nahi du".
Gainera, duela gutxi arte Iñigo Urkullu EAJren lehendakarigaiak sozialistei "gehien dutenek gehiago ordaindu behar dutela" esateagatik "demagogia" leporatzen ziela gogorarazi du.
Horren aurrean, erreforma fiskala egiteko konpromisoa berretsi du; izan ere, ez du begi onez ikusten "gure herri txiki honetako hiru lurralde historikoen artean, zerga alorrean, horrenbesteko desberdintasunak egotea".
Era berean, Jaurlaritza "diru-sarreren gaineko erabakirik hartzen ez duen Europako gobernu bakarrenetarikoa" dela salatu du.
Murrizketak
Lehendakariak Mariano Rajoyren Gobernuak egindako murrizketen inguruan azaldu duenez, "krisiari aurre egiteko beste modu batzuk badaudela erakutsi dugu, zuhurtziaz jokatuz eta lehentasunak markatuz, murrizketarik gabe. Murrizketarik egin ez duen erkidego bakarra gara".
Gainera, "zerbitzu publiko handietan" ez dela murrizketarik izan, eta "indartu" egin dituztela azpimarratu du.
EAJren oposizioa
Urriaren 21eko hauteskundeetako lehendakarigai sozialistak gogor kritikatu du "EAJk erakundeekiko duen konfiantza falta", auditoria eskatu duelako.
Horren harira, jeltzaleek gauza "arriskutsuak" egin dituztela uste du, esate baterako, "Urkulluk dirurik ez genuela eta Jaurlaritzak porrot egin zuela esan zuenean", izan ere, "irudi hori merkatuetan islatzen da, eta fama txarra ematen dio herrialdeari".
ETA
Lehendakaria gustura agertu da hauteskunde-kanpaina honetan "zorionez" ETAren inguruan "gutxi" hitz egingo delako. "ETA gabeko lehenengo kanpaina izango da, dagoeneko ez dugu bizitza arriskuan jarriko ideiak defendatzeko", gaineratu du.