Hauteskundeak
Patxi Lopez: 'Independentziak denak hondoratzea ekar lezake'
Erredakzioa
Iñigo Urkullu EAJko lehendakarigaiari "autogobernua edo independetzia defendatzen" duen argitzeko eskatu dio.
Patxi Lopez PSE-EEren lehendakarigaiak uste du "krisiaren irtenbide bezala independentzia defendatzea akatsa" eta "atzera joatea" dela. "Espainiatik eta Europatik ateratzearen kostua handiegia da", gaineratu du, eta "gu bakarrik eta ahal duenak bere burua salba dezala bezalako politikekin, denak hondoratuko garela" ohartarazi du.
Arabako Lapuebla de Labarcan egon da Lopez. Bertan, Iñigo Urkullu EAJko lehendakarigaiari, "autogobernua edo independentzia" defendatzen duen argitzeko eskatu dio. "Garrantzitsua da hauteskundeak baino lehen argitzea, herrialde honek, zerbitzu publikoak mantentzeko eta enpresei laguntzak emateko gizartea batzen duten proiektu bateratuak jarri behar dituelako mahai gainean, ez banatzen duten proposamenak", adierazi du.
Hori dela eta, PSE-EErekin "ez da banatuko duen Ibarretxe planik egongo, krisitik ateratzeko batzen gaituen Euskadi bat baizik", gaineratu du.
Arnaldo Otegiren "barkamena", "bide zuzenean aurrerapausoak" ematea dela uste du lehendakariak, "nahiz eta 20 urte beranduago hasi diren". Hitz horiei "ongietorria" eman die, eta "bide zuzenean joatea dela uste dut", ondorioztatu du.