Elkarrizketa TVE-n
Rubalcabak, Patxi Lopezi: 'Lanak bete dituzu, lagun'
Erredakzioa
Lehendakariak Jaurlaritzako buru gisa egindako lana goretsi zuen atzo Rubalcabak. ''Patxi Lopez bertan egon izan ez balitz, gauzak zailagoak izango ziren'', esan zuen PSOEko buruak.
Lehendakariak Jaurlaritzan egindako lana goretsi zuen atzo gauean Alfredo Perez Rubalcaba PSOEko buruak. 'Lanak bete dituzu, lagun. Lanak bete dituzu', esan zion Patxi Lopezi, TVEn egin zuen elkarrizketan.
Rubalcabak azpimarratu zuenez, hiru erronkarekin iritsi zen Patxi Lopez Jaurlaritzara: ''Krisia, askatasun gabezia eta elkarbizitza arazoak''. ''Patxi Lopez bertan egon izan ez balitz, gauzak zailagoak izango ziren'', esan zuen PSOEko buruak.
Ildo horretan, lehendakariak elkarbizitza eta askatasun faltak eragindako arazoei aurre egiten jakin duela azpimarratu zuen. ''ETAren amaiera ez da bakarrik Gobernu baten lanaren emaitza. Denon lanaren emaitza da, biktimen eta segurtasun indarren lanetik hasita. Baina ni nintzen Barne ministroa, Zapatero zen Gobernuko presidentea eta Patxi Lopez zen lehendakaria'', esan zuen oposizioko buruak.