Alderdi Eguna 2012
Euskadi 'inposiziorik gabeko' nazio izatea aldarrikatu du Urkulluk
Erredakzioa
Forondako zelaietan bildu dira jeltzaleak, bilkuraren 35. edizioan. Euskadi euskaldunen erabaki askean oinarritutako "inposatutako menpekotasunik gabe, Europako nazio" izatea eskatu du Urkulluk.
Your browser doesn’t support HTML5 video
Iñigo Urkullu EAJren EBBko presidente eta lehendakarigaiak Euskadi Europako "beste nazio" bat izatea defendatu du, "inposatutako menpekotasunik gabe eta euskaldunen erabakia baino beste loturarik gabe".
Forondako zelaietan, Alderdi Eguneko 35. edizioan hitz egin du Urkulluk. "Euskadi berpiztu" lelopean ospatzen ari dira alderdiaren eguna, milaka jarraitzailerekin eta lehen aldiz ETAren mehatxurik gabe.
"Nazio honetan sinesten dut, besteekin neurtu daitekeen nazio indartsu gisa", adierazi du.
Horretarako, "baldintza berekin onartutako XXI. mendeko akordio" baten aldeko apustua egin du, "erabaki askeen bitartez adierazitako eta asmo demokratikoetan oinarritutako edozein proiektu" egiteko aukerarekin.
Bakea eta normalizazio politikoa, krisia gainditzea eta autogobernu maila handiagoa aldarrikatzea izan dira aurtengo Alderdi Eguneko ardatzak.
CIUko ordezkariak ere bertan egon dira, besteak beste Oriol Pujol CDCko idazkari orokorra eta Jose Maria Pelegri UDCko Nekazaritza kontseilaria.