Istiluak
Presoen aldeko kartelen artean bozkatu du Patxi Lopezek
Erredakzioa
Halaber, istilu bakan batzuk egon dira Araban, eta Bilduren aldeko eta PPren kontrako kartelak kendu dituzte hainbat hauteslekutan.
Your browser doesn’t support HTML5 video
Patxi Lopez lehendakariak istiluak izan ditu presoen aldeko pankartak zeramatzan lagun talde batekin boza ematera joan den unean.
Lehendakaria Begoña Gil emaztearekin batera joan dan Bilboko Iruarteta hauteslekura. Bertan, lagun talde bat zegoen "preso eta iheslariak etxera" zioten pankartekin eta PSE-EEren hautagaiaren segurtasun taldeko kideek alde egiteko eskatu diete.
Lopez eurengana joan dan eta boza lasai ematea ez uzteagatik errieta egin die. "Hau ezin da egin", esan die lehendakariak, eta pankartekin zegoen pertsonetako batek "inork ez dizu boza ematea eragozten", erantzun dio. Halaber, hautesleku barruan ezin direla armak erabili esan diote Lopezen segurtasun taldeko lagun bati aipamen eginez.
Istiluak Araban
Herrizaingo sailburuordeak adierazi duenez, 2.778 mahaiak "normaltasun osoz" eratu dira, baina "atzerapen txiki" batzuk aipatu ditu, izan ere, Santurtzin, Getxon eta Galdakaon, mahaian egon behar zuten kide batzuk berandutu egin dira. Hala ere, hautesleku guztiak bezala 09:00etan ireki ahal izan dutela gaineratu du.
Arazo bakarrak Araban gertatu dira. Gasteizeko Hegoalde hauteslekuan Bilduren aldeko eta PPren kontrako pankartak kendu dituzte.
Halaber, Gasteizeko Abetxuko eta Ibaiondo auzoetan ere Mariano Rajoy Gobernuko presidentearen, Javier de Andres Arabako ahaldun nagusiaren eta Javier Maroto Gasteizko alkatearen aurkako pankartak kendu dituzte.
Gamarrako mahai batean, Gasteizen, Bilduren lau kartel kendu dituzte.
Azkenik, Zalduondon, hauteslekuaren ate ondoko edukiontzian zeuden EAJren aurkako kartelak kendu dituzte.