Itxi

Bilera-sorta

Mintegi: 'EAJrekin akordio zabalak lortzeko aukerak daude'

Erredakzioa

EH Bilduren lehendakarigaiak "ezinbesteko"tzat jo du alderdi jeltzalearekin akordioak lortzea. Alabaina, esparru sozio-ekonomikoan hitzarmenak lortzea "zaila" izango dela ohartarazi du.

Your browser doesn’t support HTML5 video

Laura Mintegi EH Bilduren lehendakarigaiak EAJrekin "akordio zabalak" lortzeko "borondatea eta aukerak" daudela aurreratu du gaur, alderdi jeltzalearen talde negoziatzailearekin batzartu eta gero.

EAJk koalizio abertzalearekin abiatu du gaur goizean legegintzaldi akordioak bilatzeko bilera-sorta, Sabin Etxean.

Bileraren ostean, Mintegik giroa "adeitsua" izan dela azaldu du, eta gaurko bilera lehenengoa baino ez dela izan aipatu du. Izan ere, hainbat gaitan sakontzeko batzar gehiago egin behar izango dituztela gaineratu du.

"Uste dugu hainbat gairen inguruan akordio zabalak lortzea ezinbestekoa dela, bai ekonomiaren aldetik, bai herrialde honen egitura politikoaren aldetik. Horrenbestez, EH Bilduren eta EAJren jarrera akordio zabalak lortzea da, eta hainbat puntutan ados izateko aukerak badaudela ikusi dugu", esan du.

Akordio ekonomikoak lortzea, zail

Ildo horretan, EH Bildu eta EAJ akordioetara heltzeko prest daudela adierazi du, baina esparru sozio-ekonomikoan hitzarmenak lortzea “zaila” izango dela ohartarazi du, “batzuon eta besteen programak oinarrian ezberdinak direlako”.

Horrenbestez, “esfortzu handiak” egiteko dei egin die EAJri eta gainerako alderdiei, konpartitzen dituzten puntuetan “sakontzeko” eta egungo “larrialdi ekonomikoari” aurre egiteko.

Koalizio soberanistak eta EAJk “elkarlanean” aritzeko borondatea erakutsi dutela esan du, “egoera larria honi irtenbidea emateko euskal gizartearekin konpromiso serioa hartu dugulako”.

EH Bilduren aldetik, Laura Mintegi, Pello Urizar eta Hasiera Arraiz joan dira bilerara, eta, EAJrenetik, Iñigo Urkullu, Pilar Garcia de Salazar, Joseba Egibar eta Koldo Mediavilla.

Bestalde, litekeena da Iñigo Urkullu EAJren lehendakarigaiak asteazken arratsaldean egitea agerraldia, bilera-sortak amaituta.

Albisteak (2)

Bideoak (1)

Informazio gehiago (1)