Itxi

Bukatu da bilera sorta

PPk ez ditu EAJrekin akordioak baztertzen, krisia lehentasuna bada

Erredakzioa

Edonola ere, Basagoitik argi utzi du 'Batasunarekin bazterrak nahasten ez baditu' babestuko duela Urkullu. Maneirok jeltzaleekin dituen 'desadostasun handiak' egiaztatu ditu.

Your browser doesn’t support HTML5 video

EH Bildurekin eta PSE-EErekin atzo egindako bileren ondoren, EAJren negoziazioetarako taldeak PP eta UPyD hartu ditu gaur goizean Sabin Etxean.

Bileraren ondoren, Basagoitik bi baldintza jarri ditu EAJri babesa emateko: Lehentasuna krisi ekonomikoa izatea eta Urkulluk 'Batasunarekin bazterrak ez nahastea'. Maneirok, bestalde, jeltzaleekin dituen ''desadostasun handiak'' egiaztatu ditu.

Azken bi bilera hauekin bukatutzat eman dute Gobernua osatzeko EAJk deitutako lehen bilera sorta. Arratsaldean agerraldia egingo du Urkulluk, lehen bilera sorta baloratzeko.

PPren bi baldintzak

Antonio Basagoiti EAEko PPko presidenteak babesa eskaini dio  Iñigo Urkullu EAJren lehendakarigaiari, betiere helburu nagusia krisi ekonomikoa konpontzea bada. Hori horrela, helburua "Batasunarekin bazterrak nahastea" edo Gernikako Estatutua zalantzan jartzea bada, ez diola lagunduko ohartarazi dio.

Bi alderdietako ordezkariak ordubetez batzartu dira gaur goizean Sabin Etxean, Bilbon, EAJk legegintzaldi akordioak bilatzeko abiatutako lehen bilera-sortaren baitan.

Basagoitik azaldu duenez, bilera "lehen hartu-emana" baino ez da izan, eta PPk jeltzaleen lehentasunak ezagutu arte itxarongo du babesa eman edo ez erabakitzeko.

Bestalde, PPk Iñigo Urkulluren inbestiduraren aurka bozkatuko duela aurreratu du Basagoitik.

"Desadostasun handiak" egiaztatu ditu UPyDk

Gorka Maneiro UPyDren legebiltzarkide eta bozeramaileak esan du "desadostasun handiak" dituela EAJrekin, eta hori agerian geratu omen da Urkulluren alderdiarekin Sabin Etxean egindako bileran.

Hiru ordu laurdeneko bileraren ostean Maneirok azaldu duenez, krisitik "elkarrekin eta murrizketa sozialik gabe" atera behar dela helarazi dio Urkullu buru zuen EAJren ordezkari taldeari.

Hori horrela, euskal erakundeen egitura eta Lurralde Historikoen Legea erreformatu "beharra" daudela eta elkarte publikoen kopurua murriztu behar dela adierazi die jeltzaleei.

Albisteak (1)

Bideoak (1)

Informazio gehiago (2)