Bilera-sorta
Urkulluk ez du Gobernu-formularik baztertu, ezta lehenetsi ere
Erredakzioa
Buru jeltzaleak esan du edonola ere beharrezkoa dela Gobernu-formula “lehenbailehen” lortzea, “sendotasuna” duena. Alderdien erantzunaren esperoan dago orain.
Your browser doesn’t support HTML5 video
Iñigo Urkullu EAJko presidente eta lehendakarigaiak oraingoz ez du lehentasunik erakutsi Euskadirako Gobernu-formula jakin batengatik, baina etorkizunean akordioak lortzeko "oinarri sendoa eta nahikoa" dagoela nabarmendu du.
Urkulluk prentsaurrekoa eman du EAJren egoitza nagusian, Bilbon, Legebiltzarrean aulkia lortu zuten gainerako alderdiekin izandako bilera-sortaren inguruko balorazioa emateko: EH Bildurekin, PSE-EErekin, PPrekin eta UPyDrekin.
Etorkizuneko Eusko Jaurlaritza gutxiengoan gobernatzeko edo koalizioa osatzeko aukeraren inguruan, Urkulluk honako hau esan du: ‘Ez dut formularik errefusatzen, baina ez dut lehentasunik". EAJk gainerako alderdiei eman dieten lan dokumentuari buruzko iritziaren esperoan dago buru jeltzalea.
Lan dokumentua
2013ko lehen sei hilabeteetan, ''Euskadiren autogobernurako proposamena eratzeko lantalde berezia'' sortzea defendatu du EAJk testu horretan.
Halaber, akordioak proposatu dizkie alderdiei, euskal erakundeen aurrekontuen egonkortasuna bermatzeko, politika fiskal berria martxan jartzeko, enplegua eta ekonomia suspertzeko, zerbitzu sozialak defendatzeko eta bakea eta elkarbizitza bultzatzeko.
Azken esparru horretan, ETAren indarkeriaren inguruko ''kontaketa argia osatzea'' ezarri dute jeltzaleek helburu gisa, eta, baita beste oinarrizko eskubide guztien urraketaren ingurukoa ere.
Bestalde, azken legegintzaldi honetan Legebiltzarrean abiatutako Bake eta Bizikidetza lantaldeari ''jarraipena'' eman nahi dio EAJk, eta Memoriaren, Elkarbizitzaren eta Giza Eskubideen Institutua ere gauzatzea proposatu dute dokumentu horretan.
Gobernu-formula bat ''lehenbailehen''
Urriaren 21eko EAEko hauteskundeak irabazi zituen alderdiko presidenteak 27 aulki lortu zituen, 75 dituen Legebiltzarrean. Bere hitzetan, akordioetara iristeko "oinarri sendoa eta nahikoa" dago Euskadin.
Gobernu-formula bat "lehenbailehen" lortzea beharrezkoa dela nabarmendu du, "sendotasuna" eta euskal herritarren "konfiantza" duena.
Urkulluk azaldu duenez, akordio "zabalak" lortzea da orain lehentasuna, azkenaldian azpimarratu dituen hiru alorretan Euskadik dituen arazoei aurre egiteko: "akordio ekonomiko eta soziala krisiari aurre egiteko, bakea eta bizikidetza nagusi izango dituen etorkizuna eraikitzeko eta Euskadiko autogobernuaren etorkizunari aurre egiteko".