Itxi

Jaurlaritzaren inkesta

EAJren eta EH Bilduren arteko gobernua, EAEko biztanleen faboritoa

Erredakzioa

Bigarren aukera bozkatuena EAJk gutxiengoan gobernatzea da, eta, hirugarrena, EAJren eta PSE-EEren arteko koalizioa.

Your browser doesn’t support HTML5 video

Urriaren 21eko hauteskundeen emaitzak eskuan, EAEko biztanleek EAJren eta EH Bilduren arteko koalizio gobernu bat nahi dute, Eusko Jaurlaritzak publikatutako inkesta baten arabera.

Hain zuzen ere, EAEko biztanleen % 26k nahiago dute jeltzaleen eta abertzaleen arteko gobernua.

Bigarren aukera bozkatuena EAJk gutxiengoan gobernatzea da, herritarren % 23k hori nahi baitute.

Azken formula EAJren eta PSE-EEren arteko koalizioa da, botoen % 22rekin. Beste % 22k ez dute erantzun.

BESTE DATU BATZUK

Inkestaren arabera, herritarren % 60k "batik bat positibotzat" jotzen dituzte emaitzak, eta % 13k "batik bat negatibotzat". Hori bai, % 96 pozik agertu dira bozkatutakoarekin.

Hamar biztanletik zazpiren kasuan, hauteskunde kanpainak ez du alderdien programen arteko aldeak ezagutzeko balio, eta % 19k baino ez dute baliagarritzat jo.

Hori horrela, % 77k kanpaina baino lehen erabaki zuten zer bozkatu, % 12k kanpainan bertan, % 8k hauteskundeen egunean, eta % 3k hausnarketa egunean.

Zer bozkatu duten galdetuta, nabarmentzekoa da inkestatuen % 3,9k baino ez dutela aitortu PPren alde egin dutela (hauteskundeetan, botoen % 11,6 jaso zituen).

Bozkatzera joan ez zirenen artean, arrazoi nagusia (% 47) politikariekin desengainua sentitzen dutela da.

Bestalde, % 48k beti alderdi beraren alde bozkatzen dute; % 25ek hauteskunde motaren arabera erabakitzen dute, eta % 26k beste argudio batzuk dituzte.

0tik 10era, % 26k oso nazionalistatzat dituzte euren buruak, % 20ek batere nazionalistatzat, eta % 44 erdiko bidean kokatu dira.

Inkestaren emaitzak hauteskundeak egin eta bi astera jakinarazi dituzte.

Hauteskunde horietan, EAJk 26 eserleku eskuratu zituen, EH Bilduk, 21; PSE-EEk, 16; PPk, 10; eta UPyDk, 1.

Albisteak (1)

Bideoak (1)

Informazio gehiago (2)