Analisia
Marrak, hesiak, pasabideak...
Juanjo Sanmiguel / eitb.com
Aukera ez da erraza, baina lehenbailehen erabaki behar dugu marrak, hesiak ala pasabideak nahi ditugun inmigranteentzako.
Ceuta edo Melillako alanbre hesia gainditzen duten etorkinek lurrari muzin egiten diote paradisura iritsi balira legez. Lampedusara Italiako itsas Armadaren ontzietan iristen direnek, aldiz, poliziak besarkatzen dituzte, hauek horretarako aukera ematen badiete. Greziako kostara bizirik heltzen direnek, ostera, jainko ezkutuei eskerrak ematen dizkiete itsaso zail haietan ito ez direlako. Ez dakigu zer dakiten edo zer espero duten, badakigu zer nahi ez duten, atzean utzi dutena. Baina, aurrera begira, gehienek zailtasun handiak izango dituzte paperak eta lan baimenak lortzeko. Hori eskuratuz gero, lan gogorrenak, beste inork nahi ez dituenak, egin beharko dituzte, eta jasoko dituzten soldatak txikienak izango dira.
Lurrez eta itsasoz baldintza gogorrenetan ailegatu diren hauek, agian, ez dute jakingo Europako herrialde batzuetatik europarrak bota nahi dituztela lana ez badute. Herbeheretan Geert Wilders onarpen handia duen politikoak esan du marokoar gehiago ez dutela nahi, eta zer esanik ez beltzei buruz. Frantzian izugarrizko gorakada izan duen alderdi batek kanpotarrei seguritate soziala eta edozein zerbitzu publiko debekatzeko eskaria egin duela. Jakingo balute ez litzateke ezer aldatuko, utzi dutena gehienetan azkena delako, okerrena.
Etorkinei beldurra, inbasioaren mamua, datorkigunagatik kezka... lurrez eta itsasoz sartzen diren etorkin horien irudiek eragiten dituzte, baina etorkin horiek ez dira %5era iristen, gehienak abioiez etortzen dira, edo trenez, edo itsasoz, baina hondoratzeko arriskurik ez duten ontzietan. Baina Europar Batasunak ez daki zer egin orain dela urte batzuk benetako uholdea izan zenarekin eta orain apurka-apurka berrindartzen ari den mugimendu honi aurre egiteko.
Europako gizartea zahartzen ari da, gero eta haur gutxiago dago, eta etorkinak ezinbestekoak izango omen dira etorkizuna ziurtatzeko; baina itxuraz inork ez daki zer egin. Bruselan Europar Batasunaren eta Afrikako gobernuburuen arteko batzarrean betiko leloak, betiko topikoak, entzun genituen: inmigrazio ilegalari aurre egin behar zaiola, mafien kontrako borroka indartu beharra dagoela, mugetako kontrola estutu... Aipatu zutenez, ihesi datozenei han bertan, euren jaioterrietan, lagundu behar zaie alde egiteko beharrik izan ez dezaten, ohartu gabeitxuraz ,orain arteko laguntzak beti urriegiak izan direla eta krisiaren ondorioz miserableak bihurtu direla. Agintariek eta kezka, eta zalantza artean gabiltzanok, agian, galdera batzuei erantzun beharko genieke: mugak behar ditugu ala ez? Mugak behar baditugu zein da galbahea? Nola galaraziko diegu batzuei hemen sartzea? Zeintzuk dira tresnak? Zer egin behar du poliziak batenbati sarrera debekatu behar badio? Mugarik gabe eutsiko al genioke egungo gizarteari? Prest al gaude datorrena datorrela, iristen direnak iristen direla ateak zabalik uzteko?
Europan kezkak eta beldurrak jarrera eta joera beltzenak astindu dituzte. Eskuin muturreko mugimenduek ohiko erantzuna eman dute: "gora gu eta gutarrak eta besteak kanpora", eta itxuraz aldarri honek arrakasta handia du, gero eta gehiago baitira. Mugimendu hauek erein duten hazia sendotu eta zabaldu egin da, baina, itxuraz, eskuin muturrari aurre egiteko era egokiena beraien mezuak eta beraien jarrerak hartzea da. Europar Batasuneko Parlamenturako hauteskundeen atarian, gero eta nabarmenagoa da hori, jarrera gogorrek ematen omen dituzte botoak. Demagogiak hondamendia dakar, baina itsu jokatzeak ezagutzen dugun Europaren amaiera ekar lezake. Aukera ez da erraza, baina lehenbailehen erabaki behar dugu marrak, hesiak ala pasabideak nahi ditugun.