Europako Hauteskundeak
Bilbao: 'Sortu dugun hiritar sarearekin geratzen naiz'
IDOIA ALBERDI | EITB. COM
Europako Parlamentuko diputatua da 2009tik Izaskun Bilbao. Maiatzaren 25eko bozetara berriro aurkeztuko da, EAJko zerrendaburu.
Izaskun Bilbao Barandika (Bermeo, 1961) jeltzalea Europako Parlamentuko Talde Liberal Demokratako kidea da 2009tik. Maiatzaren 25eko hauteskundeetan berriro EAJren zerrendaburu izango da, eta, eserlekua lortuz gero, bigarren legealdia beteko luke bermeotarrak Europako Parlamentuan. Azken lau urteotako lanaz eta datorren legealdiko erronkei buruz hitz egin du eitb.com-ekin.
Herritarrek urrun sentitzen dute Europa. Zer esango zenioke maiatzaren 25ean bozkatzeko zalantza duenari?
Europako etorkizuna jokoan dugula ikuspuntu ekonomikotik zein politikotik. Guk uste dugu espekulazio finantzarioa ezin dela hazkunde ekonomikorako tresna gisa erabili. Pertsonak dira erreskatatu behar direnak, eta finantza sistemari eman behar zaio dagokion funtzioa, hau da, ekonomia errealaren zerbitzura egon behar den tresna. Europar eredu soziala indartu eta finkatu beharra dago, eta europar federalean aurrera egiteko ahalegina egin behar da batasunetik erronka globalei aurre egiteko. Horrez gain, hurbiltasuna sustatu behar da hurbiltasuna garrantzitsua den gaietarako. Euroeszeptizismoaren martxa geldiarazi behar da, europar erakundeen ahultasunak horrenbeste behar ditugun aurrerapen guztiak eragotziko dituelako.
Krisi ekonomikoa ondo kudeatzen ari al da Europan?
Ez, austeritatea neurrigabe erabili izan da, baina babes sozialarekin eta ekonomia erreala suspertzeko neurriekin osatu gabe. Era berean, argitu beharra dago Estatu batzuen arazoen sorburua dagoela ekonomikoki garatzeko eredua aukeratzean egin duten hutsegitean.Eta horien artean, Espainia ere badago.
Euskadik zer erronka ditu Europan?
Bere errealitate instituzionala eta nazionala Europa barruan egituratu beharra dago. Europa mailan ospe ona daukagu, eta nazio nortasuna aitortzen zaigu. Herriak horrela eraikitzen dira gaur egun. Itun ekonomikoa sistema fiskal autonomoa da, eta horrela ikusten da ondorio guztietarako. Horixe da estatuek mantentzen duten subiranotasunaren azken hondarra. Gainera, erronka batzuk ditugu oraindik hizkuntzaren ofizialtasunarekin eta Europar Batasuneko erakundeetan dugun egoerari dagokionez. Urte batzuen buruan, nortasun nazionala beste eskubide bat izatea bilatzen dugu, eta ez eskubide guztiak izateko giltza. Horrela ba, Europan nazio izan nahi dugu eta ez dugu faltan bota behar XIX. mendeko nazio-estatu haiek bezalakoak izatea.
Datozen Legealdian Estatu berriak ikusiko al ditugu Europan?
Zalantzarik barik, horrela izango da estatu monolitikoa eta nortasun bakarrekoa izatea zaharkituta dagoela ez ulertzeko tematuta jarraitzen badute. Gauza bera gertatuko da Europar Batasunak ezer egiten ez badu, arazo horiek elkarrizketa eta negoziaketa bidez konpontzen ez baditu. Hor dago Bretainia Handiko Eskoziar kasuaren eta Espainiar Estatuko Kataluniako eta Euskadiko kasuaren arteko ezberdintasuna.
Bakegintza eta Normalizazio prozesuari dagokionez, zer egin behar du Europak? Zer mailako aktore izan beharko litzateke?
Europar Batasunak Euskadiko bake prozesuan inplikatzea nahi dugu, Irlandako prozesuan parte hartu zen interes eta gogo berberarekin. Eta, oso planteamendu zehatzak egin ditugu bizikidetza eta adiskidetzea gaietan lagun gaitzaten. ETAk eta bere inguru hurbilak aitortu behar dute gizartean mina eragin dutela eta berrogeita hamar urteko jokaera totalitarioak ondorio batzuk ekarri dituela. Baina, aldi berean, estatua era arbitrarioan erabiltzeari utzi behar zaio, Espainiaren kasuan, epaimahai gorenetan zilegitasun arazo handiak egon dauden arren. Europak aktiboagoa izan behar du oinarrizko eskubideak urratzen direla ikusten denean.
Bost urteotako balantzea egin ezazu.
Euskal gizartearekin hartu genuen konpromisoa betetzeko ahalegina egin dugu, hau da, Europara Euskadi gehiago eramatea eta Euskadira Europa gehiago ekartzea. Sortu dugun hiritar sarearekin geratzen naiz, era guztietako elkarte eta taldeekin egin dugun talde lanarekin, ehunka ideia eta ekarpen europar arau, legebiltzar galdera eta bestelako ekimen bihurtu direlako. Urte luzeen ondoren ere, Euskadin hogeita hamar urteotan lortu dugun eboluzio paregabeak erakusten du ekonomia errealaren alde egin duguna. Bide horretatik, nortasun bat dugu gaur Europan eta hainbat euskal komisario dira han eta hemen eredu gisa aurkezten gaituztenak.
Europarlamentarioak "ondo, lan gutxi eginez" bizi direla uste duenik bada egun. Erakutsi iezaguzu zure agenda; zein da zure eguneroko lana?
Hori ere mito bat da. Ez dut nire burua epaituko. Baina datu objektiboak daude, azken bost urteotan egin dudan lana argi eta garbi erakusten dutenak. Nahiago dut horren arabera epaitzea, eta datuek esaten dute 750 diputatuen artean lan gehien egiten dugun bost diputatuen artean gaudela. Eztabaidetan, politikoek eta eurodiputatuek egiten duten lanari buruz hitz egiten denean, “alfer” deitu didanari galdetu diot nik egiten dudanaz ezer ote dakien, edo egin dudan lanen bat aipatu ahal duen, edo egin behar nuena eta egin gabe utzi nuen zerbait zegoela ote dakien. Erantzuna isiltasuna izan da beti. Horrelako topiko demagogikoak onak izan daitezke txaloak jasotzeko, baina topikoak baino ez dira. Ez dugu inolako arazorik horren inguruan eztabaidatzeko.