Hauteskunde kanpaina
Quiroga: 'EAJren proiektu zaharkituak txiki egingo du Euskadi'
Erredakzioa
EAEko PPko presidentearen esanetan, EAJ eraikitzen ari den herrialdea "ez da erakargarria".
Arantza Quiroga EAEko PPko presidentearen esanetan, EAJ eraikitzen ari den herrialdea "ez da erakargarria", "txikitasunetik" eta "ezberdina dena mespretxatuz" egiten ari baita.
Quiroga Donostiako Miramar Jauregian izan da, Carlos Iturgaiz Europako hauteskundeetarako hautagaiarekin eta Borja Semper Gipuzkoako PPko presidentearekin batera.
EAEko 'popularren' buruak adierazi duenez, bere alderdiaren eta EAJren arteko "ezberdintasuna" zera da, eurek Europan sinisten dutela, eta jeltzaleek Euskadi "txiki" egingo duen "proiektu zaharkitua" dutela.
"Espainiarrak garelako gara europarrak. Dagoeneko bagara euskal herritarrak Europan, baina euskal herritarren Europa denen artean eraiki behar da, eta ez bakarrik norberari begiratuz", ohartarazi du.
Quirogak Kalifornia jarri du adibide gisa: "Munduko laugarren potentzia da, baina ez du AEBtik banandu nahi, egoera hori galduko lukeelako".
Bestalde, Carlos Iturgaizek EAJren kanpainaren oinarria PP iraintzea dela salatu du. Horren hitzetan, jeltzaleek "engainatu" egiten dituzte boto-emaileak, Euskadi "Espainiatik kanpo baina Europaren barruan" nahi dutelako, "baina Espainia Europa delako da Euskadi Europa".
Madrilen, Miguel Arias Cañete PPko zerrendaburuak Mariano Rajoyren Gobernua goratu du, eta Espainia "dagokion lekura" itzularazi duela txalotu du. Horren esanetan, Espainia "Europako hazkundearen motorra" bihurtu da.