Hauteskunde kanpaina
Junckerrek babesa agertu dio Rajoyri, Kataluniako kontsultaren aurrean
Erredakzioa
Espainiako Gobernuko presidentearen hitzetan, alderdi "zatitzaile eta eurofoboek arriskuan jarriko dute krisiaren konponbidea".
Jean Claude Juncker Europako Alderdi Popularraren Europako Batzorderako presidentegaiak babesa agertu die Espainiako Gobernuak abiatutako erreforma ekonomikoei, eta Kataluniako kontsulta independentistaren aurrean, Mariano Rajoy gobernuburu espainiarrekin "% 100ean" ados dagoela gaineratu du.
Junckerrek bi ekitalditan hartu du parte astelehen goizean Espainian, Europako hauteskundeetako kanpainaren baitan, eta, horietako batean, Rajoyrekin batera izan da.
Ekitaldiak Isabel Carrasco Leongo Diputazioko presidentearen hilketa gertatu baino lehen izan dira. Krimen horren ostean, PPk bertan behera utzi ditu arratsalderako aurreikusita zituen ekitaldi guztiak, Rajoyk Valladoliden egingo zuena barne.
Goizeko ekitaldietan, Rajoyk goratu egin du Junckerren ibilbidea, eta "Espainiaren lagun ona" dela nabarmendu du. "Europako aniztasuna errespetatzen duen batasunaren defendatzaile irmoa da", adierazi du.
Junckerrek Kataluniako kontsulta ere hartu du hizpide. Horren ildotik, "errespetua" agertu die kataluniarrei, baina Espainiako Konstituzioari ere bai. "Konstituzioa denei, espainiarrei zein kataluniarrei, ezartzen zaie", esan du.
Rajoyren hitzetan, Europako Parlamentuan alderdi handiak eta indartsuak egon behar dira, eta ez "indar politiko zatitzaile eta eurofoboak", horiek "arriskuan" jarriko luketelako krisiaren konponbidea.