Hauteskunde kanpaina: EAJ
Ortuzar: 'Autogobernua garapen eta ongizate berme bakarra da'
Erredakzioa
Euskara Europako Parlamentuko saioetan erabili ahal izatea bitan eskatu dutela gogorarazi du Izaskun Bilbaok.
Andoni Ortuzar EAJko presidenteak "euskara berreskuratzea" Euskadik "herrialde eta gizarte gisa" izan duen "arrakasta handietako bat" izan dela adierazi du. "Autogobernua garapen eta ongizate berme bakarra dela erakusten du horrek", gaineratu du.
EAJk euskarari buruzko hauteskunde ekitaldia egin du Donostian, Euskaltzaindiaren egoitzan, eta, bertan, Izaskun Bilbao Europako hauteskundeetarako hautagaia ere izan da.
Hitzaldian, EAJk euskaren alde egindako "lan ona" aldarrikatu du Ortuzarrek, eta etorkizunera begira "baikor" dela esan du.
Buruzagi jeltzaleak gogorarazi duenez, "Francoren Erregimenaren baldintza sozialek eta politikoek euskara kendu zieten hainbat familiari", eta, ondorioz, euskararen "transmisio katea" hautsi egin zen, eta hizkuntza "beldur eta ulertezintasun zulo sakon batean gatibu geratu zen".
"Badakit asko dagoela egiteko, baina dagoeneko egin dugu zailena, euskara zulo sakon horretatik ateratzea", txalotu du EAJko presidenteak.
Izaskun Bilbaoren esanetan, EAJk Europako Parlamentura eraman du euskara, eta azken legegintzaldian hizkuntza hori "osoko bilkuretan erabili ahal izatea" proposatu zutela gogorarazi du.
"Oraingoan baiezkoa ematea espero dugu, dagoeneko bitan saiatu baikara, presidentea popularra zein sozialista izanda, eta bi kasuetan erantzuna ezetza izan da", esan du.