Europako hauteskundeak
Ahal Dugu alderdiak eman du ustekabea bost eserleku lortu baititu
Erredakzioa
Pablo Iglesiasen alderdia laugarren indarra izan da Espainian eta bosgarrena Euskal Autonomia Erkidegoan.
Pablo Iglesias zerrendaburu duen Ahal Dugu (Podemos) alderdiak eman du ustekabea Europako Parlamenturako hauteskundeetan eta 1.238.133 boto (% 7,96) eta bost eserleku lortu ditu, botoen % 99,93 zenbatuta daudenean.
Ahal Dugu alderdia indartsu sartu da Espainiako panorama politikoa; izan ere, Espainian laugarren alderdi politiko bozkatuena izan da Izquierda Unidaren atzetik (6 eserleku) eta UPyDren aurretik (4 eserleku).
Hala ere, Ahal Dugu alderdiak aurrea hartu dio IUri Aragoin, Kantabrian, Kanarietan, Madrilen, Balearretan eta Asturiasen, eta hirugarren indarra izan da autonomia erkidego horietan. Are gehiago, Madrilgo Rivas herrian alderdi bozkatuena izan da.
Euskal Autonomia Erkidegoan Ahal Dugu bosgarren indarra izan da 52.386 boto eskuratuta Ezker Anitza-Iratzarriren aurretik. Nafarroan, bestalde, laugarren alderdi bozkatuena izan da (19.984 boto) Izquierda-Ezkerraren, UPyDren eta EAJren aurretik.
Pablo Iglesiasekin batera, Teresa Rodriguez irakaslea, Carlos Jimenez Villarejo ustelkeriaren kontrako fiskal ohia, Lola Sanchez politologoa eta Pablo Echenique-Robba zientzialaria izango dira europarlamentariak.
Ahal Dugu alderdia urtarrilean jaio zen "sumindura aldaketa politiko bihurtzeko", eta ezkerreko fronte bat sortzea, alderdi-bitasunarekin amaitzea eta hiritarren benetako arazoei erantzuna ematea jarri zituen helburu gisara. Horretarako, Pablo Iglesiasek deialdia egin zion IUri eta beste zenbait indar politikori hauteskunde hauetara elkarrekin aurkezteko. Azkenean, ez zuten akordiorik lortu, eta Ahal Dugu alderdia bakarrik aurkeztu zen.
Emaitzak ezagutu ondoren, Pablo Iglesiasek lasaitasunerako deia egin die bere jarraitzaileei; izan ere, "oraindik ez dugu gure helburua lortu, hau da, Gobernuaren alternatiba izatea".
"Bihartik aurrera Europa hegoaldeko beste alderdi batzuekin lan egingo dugu Alemaniaren kolonia bat izan nahi ez dugula adierazteko", gaineratu du.