Europako hauteskundeak
Prozesu soberanista azkartzeko eskaera sumatu du EH Bilduk
Erredakzioa
Ezker abertzaleak Araban lortutako emaitza "ikusgarria" dela esan du Hasier Arraizek, bertan lehen aldiz gailendu baitira.
Hasier Arraiz Sortuko presidenteak esan duenez, Europako hauteskundeetako emaitzek argi utzi dute prozesu soberanista "azkarrago" joateko "eskaera soziala" dagoela, Euskadin EAJ eta EH Bildu bi alderdi nagusiak direla ikusita.
Radio Euskadin egindako adierazpenetan, Arraizek esan du Euskadik eta Nafarroak, Kataluniak bezala, "euren zoriaren jabe izan eta prozesu konstituziogile propioa eraiki" behar dutela, "Estatuak ez duelako bestelako aukerarik ematen".
Horren ustez, ERC alderdiak Katalunian lortutako garaipenak argi utzi du "Kataluniako agertoki politikoa gero eta independenteagoa dela eta Estatuarekin gero eta zerikusi gutxiago duela".
EH Bilduk lortutako emaitzak ikusita, Euskadi Kataluniaren bide beretik doala azpimarratu du Sortuko presidenteak.
Halaber, ezker abertzaleak Araban lortutako emaitza "ikusgarria" dela esan du Hasier Arraizek, bertan lehen aldiz gailendu baitira. Emaitzek "ezustea" sortu ohi dutela nabarmendu du, "baita EH Bilduren hautesleen artean".
Sortuko arduradun nagusiaren arabera, azken emaitzak ikusita, EH Bildu "sendo" dago datorren urteko foru eta udal hauteskundeei begira.