Europako hauteskundeak
PSE: 'Ez dugu jakin herritarren haserrearekin bat egiten'
Erredakzioa
Idoia Mendia bozeramaile sozialistaren hitzetan, "aurrena gogoeta egin behar dugu biztanleriak eskatzen duen erantzuna bilatzeko". "Iragana kritikatzeak ez du balio", erantsi du.
Europako hauteskundeetan alderdiak izandako emaitza txarrak onartu ditu Idoia Mendia PSE-EEko bozeramaileak; izan ere, duela bost urte lortutako babesaren erdia erdietsi dute EAEko sozialistek. "Ez dugu jakin herritarren desengainuarekin eta haserrearekin bat egiten", gaineratu du Mendiak.
Mendiak Radio Euskadin aurreratu duenez, PSE-EEko zuzendaritza arratsaldean bilduko da, gertatutakoa "aztertzeko" eta "erabakiak hartzeko". Hala ere, "aurrena gogoeta egin behar dugu biztanleriak eskatzen duen erantzuna bilatzeko", azaldu du.
PSOEko buruzagiak ordezkatzeko "erritmoak beste batzuk" izan beharko liratekeela onartu du PSE-EEko bozeramaileak, baina "iragana kritikatzeak ez du balio eta etorkizunera begiratu behar dugu, eta orainari erantzukizunez erantzun", erantsi du.
Patxi Lopez PSE-EEko idazkari nagusia alderdi barruko lehia horretan jokatzen ari den paperaz mintzatu da Mendia. Lopezen asmoak ez dituela ezagutzen esan du bozeramaileak.
"Asko alderdi-bitasunaren amaierarekin poztu dira, Espainiaren arazoak konpontzeko 'karma' dela uste dutelako, baina PSOEk ezkerreko erreferentea izaten jarraitzen du", adierazi du. "Horrek ez gaitu paralisira eraman behar, norabide zuzenean ekintza politikora baizik", gaineratu du Mendiak.