Itxi

Europako hauteskundeak

Europako agintariek gaur hasiko dute karguak berritzeko prozesua

Erredakzioa

Ohiz kanpoko biltzarra egingo dute Bruselan, Van Rompuyk deituta. Europako Batzordeari begira, hautagai baten inguruan adostasuna bilatu beharko dute.

Europar Batasuneko agintariek gaur hasiko dute karguak berritzeko prozesua, Bruselan egingo duten ohiz kanpoko biltzar batekin, hauteskundeak egin eta bi egunera. Europako PPk irabazi ditu hauteskundeak, baina euroeszeptikoek eta eskuin muturrak gorakada nabarmena izan dute.

Emaitzen ondoren, Jean-Claude Juncker popularrak Europako Batzordearen presidentetza aldarrikatu du, nahiz eta, oraingoz, sozialisten eta liberalen babesa ez izan. Sozialisten eta liberalen botoak nahitaezkoak dira Junckerrek presidente kargua eskuratu ahal izateko.

Euroganberako alderdi politikoen buruzagiek bilera egingo dute asteartean, hautagai baten inguruan adostasuna bilatzeko.

Van Rompuyk deitu du ohiz kanpoko biltzarra, 28ko agintariei bidalitako gutun baten bidez. Bilera horretan, hauteskundeetako emaitzak aztertu eta “emaitza horietatik ikasten” saiatuko dira. “Izenak erabakitzeko goizegi izango da”, adierazi du Van Rompuyk.

Lisboako Hitzarmenaren arabera, Batzordeko presidentea Europako buruzagiek aukeratu behar dute, gehiengoz eta Euroganberako hauteskundeen emaitzak kontuan hartuta. Ondoren, Europako Parlamentuko gehiengoak berretsi beharko du.

Albisteak (6)

Informazio gehiago (2)