Europako hauteskundeak
Hollande: 'Nire eginkizuna da Europa hazkunderantz bideratzea berriz'
Erredakzioa
Frantziako presidenteak adierazi duenez, Gobernuak norabideari eutsiko dio. Hollandek dio Fronte Nazionalaren garaipenaren ardura Europarena, gobernu-alderdiena eta politikarena dela.
François Hollande Frantziako presidenteak onartu egin du Europako hauteskundeen emaitzak ''mingarriak'' direla eta, egoeraren aurrean, bere erantzukizuna ''Frantzia erreformatzea eta Europa hazkunderantz, enplegurantz eta inbertsiorantz bideratzea'' dela esan du.
''Europa irakurgaitza bihurtu da, urrunekoa eta ulergaitza Estatuentzat. Horrek ezin du horrela jarraitu. Europak sinplea izan behar du, argia eta eraginkorra; lehentasunei ekin behar die, eta nahi ez duten tokietatik erretiratu behar du'', esan du Hollandek.
Telebistan eskainitako mezuan esan ditu Hollandek hitz horiek, astelehen honetan. Fronte Nazionalaren emaitzez ere aritu da Frantziako presidentea, eta esan du Fronte Nazionalaren garaipenaren ardura Europarena, gobernu-alderdiena eta politikarena dela.
Europako zorroztasuna
Hollandek onartu egin du azken bi urteotan Europak lortu duela euro gunearen krisia gainditzea. ''Baina, zein preziotan'', azpimarratu du. ''Zorroztasunak herriak etsi ditu'', gaineratu du.
Horren aurrean, Frantziako presidenteak iragarri du ''bihar bertan'' berretsiko duela Bruselan hezkundea, enplegua eta inbertsioa lehentasunak direla.
Frantziako Gobernua
Hollandek azpimarratu du ez duela bere Gobernuak orain bi hilabete emandako biraren norabidea berriz aldatuko eta Manuek Valls lehen ministro berriak abiatutako neurriei eutsiko dietela adierazi du.
''Ahots argiarekin hitz egiteko Frantziak sendoa izan behar du'', justifikatu du presidenteak eta, ildo horretan, Hollandek esan du azken hamar urteotan Frantzia ahuldu egin dela, enpresek lehiakortasuna galdu dutelako eta zor publikoa handitu delako.
''Ez da Europa erreformak eskatzen dizkiguna; Frantziarengatik egin behar dugu'', gaineratu du.