Europako hauteskundeak
Frantziako Gobernuak ez du kargugabetzerik egingo, emaitzen ondoren
Erredakzioa
Behin-behineko emaitzen arabera, Marine Le Penen Fronte Nazional (FN) xenofoboa izan da Frantzian alderdi bozkatuena, botoen % 25 lortu baititu.
Manuel Valls Frantziako lehen ministroak “denbora” eskatu die frantziarrei, eta bere Gobernuan kargugabetzerik ez dela egongo gaineratu du, nahiz eta Alderdi Sozialistak inoizko daturik txarrenak jaso atzo Europako hauteskundeetan.
“Bide orria marraztu dugu, eta nik ez dut aldatu nahi. Denbora behar dugu, eta denbora eskatzen dut”, esan du RTI irrati katean. Sozialistek bost urteko agintaldia bete behar dutela gogoratu du, eta Gobernua legealdiaren amaieran “epaitzeko” eskatu du.
Behin-behineko emaitzen arabera, Marine Le Penen Fronte Nazional (FN) xenofoboa izan da Frantzian alderdi bozkatuena, botoen % 25 lortu baititu.
Bigarren lekuan UMP kontserbadorea geratu da, botoen % 20 inguru eskuratuta, eta Alderdi Sozialista (Frantziako Gobernua zuzentzen ari den alderdia) amildu egin da, hirugarren geratu baita, botoen % 14 lortuta.
2009. urteko hauteskundeetan, Fronte Nazionalak botoen % 6,3 eta hiru diputatu eskuratu zituen; orain 23 eta 25 artean izango ditu (guztira 74 daude jokoan herrialdean).
“Udal hauteskundeetan ere, mesfidantza mezua helarazi ziguten”, onartu du Vallsek. Martxoko hauteskunde horietan ere, sozialistek oso emaitza txarrak izan zituzten.
Francois Hollande presidenteak bilera bat deitu du Emaitzak aztertzeko, eta Valls eta gainerako ministro guztiak izango dira bertan.
“Ez ditugu erantzukizunak ukatu behar. Gobernuan egoteak eszeptizismo handia pizten du hautesleen artean”, adierazi du. Halaber, lehen ministroak esan du zergak jaitsi beharko dituztela berriro, batez ere errentaren gaineko zerga.