Itxi

EUROPAKO PARLAMENTUA

Liberalen eta berdeen gorakadak ultraeskuina geldiaraztea lortu du Europan

AGENTZIAK | ERREDAKZIOA

Leer en Castellano

Popularrrak izan dira garaile, eta sozialistak, bigarren indarra. Euroeszeptizismoak gora egin duen arren, ez du lortu Euroganbera blokeatzeko behar adina indar batzea.

Your browser doesn’t support HTML5 video

Europako Alderdi Popularra (PPE) izan da lehen indarra Europako Parlamenturako Hauteskundeetan, 180 eserlekurekin, aurreko legealdian baino 39 gutxiago. Sozialisten eta Demokraten Aliantza Progresista (S&D) taldea geratu da bigarren lekuan, 34 ordezkari galduta. Aurreneko aldiz, EBren historian, beraz, bi talde horien arteko baturak ez du gehiengo osoa izango.

Bestalde, euroeszeptizismoak Europako Parlamentuan gora nabarmen egin duen arren, inkestek iragarritakoa baino ordezkari askoz gutxiago lortu dituzte, eta ultraeskuineko talde guztiak batuta ere, ez dute lortuko Euroganbera blokeatzea.

Kontserbadoreak eta Erreformistak (ECR) taldeak 61 eserleku lortu ditu, Nazioen eta Askatasunaren Europak (ENF) 57, eta Askatasunaren eta Demokrazia Zuzenaren Europak (EFDD) 54: ultraeskuineko taldeon batura 172ra iritsiko da, aurreko legealdian baino 17 gehiago, baina ez dute Euroganberako aurreneko indarra izatea lortu.

Hego Euskal Herria

EAEn EAJk irabazi ditu Europako Hauteskundeak, bozen % 33,87 eskuratuta. EH Bildu bigarren indarra da, botoen % 22,01ekin. Horrela, alderdi jeltzaleak zein koalizioak europarlamentariak mantenduko dituzte.

EAJ Europako Koalizioa (CEU) taldearekin aurkeztu da, CiU, Coalicion Canaria eta Compromiso por Galiciarekin batera. Izaskun Bilbaok eserlekuari eutsi dio, beraz.

EH Bildu izan da bigarren indarra. Koalizio abertzalea BNG, ERC eta beste indar batzuekin batera aurkeztu da Orain Errepublikak markarekin. Pernando Barrenak lortu du eserlekua.

Hirugarren lekuan PSOE geratu da, botoen % 18,91 eskuratuta. Duela bost urteko emaitzak hobetu egin dituzte sozialistek; orduan, botoen % 13,78 jaso zituzten. Eider Gardiazabalek eurodiputatu izaten jarraituko du (PSOEren zerrendan zazpigarrena).

Bestalde, Maite Pagazaurtundua andoaindarrak ere eserlekua eskuratu du Europako Parlamentuan, Ciudadanos alderdiarekin.

Nafarroan, PSOEk irabazi ditu Europako hauteskundeak, 94.583 boto eskuratuta. Bigarren indarra PP izan da, 63.364 botorekin, eta hirugarrena, EH Bildu, 54.622 botorekin.

Barrenaren batera, beste hiru nafar izango dira Europako Ganberan: Antonio Lopez-Isturiz (PPren zerrendan hirugarrena), Adriana Maldonado (PSOEren zerrendan 16.a) eta Idoia Villanueva (Unidas Podemosen zerrendan laugarrena).

Albisteak (2)

Bideoak (2)

Informazio gehiago (1)