Itxi

Seigarren eguna

AHTaren lanak 'bizkortzea' eskatu du PSE-EEk

eitb.eus

Abiadura Handiko Trena izan da hainbat alderdiren hauteskunde mezuen ardatza kanpainaren seigarren egunean.

Your browser doesn’t support HTML5 video

EAJ-PNV

Aitor Esteban EAJren Bizkaiko hautagaiak iragarri du beste epe bat irekitzea eskatuko duela hurrengo legegintzaldian herritarrek, elkarteek eta alderdi politikoek frankismo garaian bahitutako ondasunak berreskuratzea eska dezaten.

"Nola da posible Errepublika garaian legezkoa zen Eusko Jaurlaritzaren agiriak Salamancan egotea oraindik, jabe zilegiari itzuli beharrean? Ospila da, ala?", galdetu du.

Estebanek mitin bat eskaini du Artxanda mendian (Bilbo), gudarien omenezko eskulturaren aurrean. Bertan, azken lau urteetan PPk Memoria Historikoa "ahaztuta" izan duela salatu du. ?Legea bera baino gehiago, borondatea da inportanteena, eta PPk ez du borondaterik agertu", deitoratu du.

Joseba Agirretxea EAJren Gipuzkoako zerrendaburuak azpimarratu bere alderdia dela Abiadura Handiko Trena eraikitzearen alde ?gehien? egin duena, eta PPren Gobernuak proiektu hori estrategikotzat hartu ez izana salatu du.

?Euskal gizartearen beharrizan errealen ondorio sortutako proiektua da AHT eta oraindik Espainiako Gobernuak ez du garatu Europarekin lotuko gaituen egitasmoa?, kritikatu du Irunen arratsalde honetan egindako ekitaldian.

 

EH Bildu

EH Bilduk Abiadura Handiko Trenaren (AHT) lanak gelditzea eskatu du, eta inbertitutako 5.000 milioi euroak "justifikatzeko" deia egin die azpiegitura hori sustatu duten alderdiei. Izan ere, "ez da jasangarria izango, ez ekonomikoki, ez sozialki, ez ingurumena kontuan hartuta".

Abando-Indalecio Prieto (Bilbo) tren-geltokian egindako ekitaldi batean, 'Euskal Y'-a aurretik bideragarritasuna eta gizarteari egingo dion ekarpena aztertu barik gauzatu zutela salatu dute Diana Urrea hautagaiak eta Dani Maeztu legebiltzarkideak.

Horrenbestez, proiektuaren bideragarritasuna argitu arte, lanak gelditzea eskatu dute buruzagi abertzaleek, ondoren azpiegitura hori "berregituratzea edo guztiz gelditzea" erabakitzeko.

Marian Beitilarrangoitia EH Bilduren Gipuzkoako zerrendaburuak azpimarratu du abenduaren 20an bi motatako botoak zenbatuko direla: ?batetik, agortuta dagoen bide batenak egongo dira; bestetik, herri honen erabakiak defendatzen dituztenenak?.

 

PSE-EE

Patxi Lopez PSE-EEren Bizkaiko zerrendaburuak adierazi du PSOE dela "aldaketaren bermea", eta EAJk "zenbait balio" babesten dituen arren, Espainian "PPrekin" egiten dituela itunak salatu du. "Kezkatu egiten nau EAJk, zenbait esentzia babesteko, PPrekin itunak egiteak", gaineratu du.

Radio Euskadin egindako elkarrizketa batean, Kontzertu Ekonomikoa "guztiz bermatuta" dagoela esan du buruzagi sozialistak, eta Abiadura Handiko Trenaren (AHT) lanak bizkortzea eskatu du, azpiegitura hori lehenbailehen bukatzeko.

Horren esanetan, Kontzertua "ez da ukituko", eta "premiazkoa" dena "Rajoy Moncloatik botatzea" da. "Hori inork baino hobeto bermatzen duena Alderdi Sozialista da, alternatiba baita Espainia osoan", erantsi du.

Javier Lasarte PSE-EEren Arabako zerrendaburuak esan du Alfonso Alonsok eta Javier Marotok ez dutela lurraldearenganako interesik eta ohartarazi du PPk hauteskundeak irabaziz gero, Araba izango dela galtzailea.

Gasteizen egindako ekitaldi batean, Lasartek salatu du Alonso Osasun ministro denetik eta Maroto Gasteizko alkate izan zenean edo orain Alderdi Popularraren zuzendaritza nagusia dagoenetik, ?Arabari beti oso gaizki? joan zaiola.

Adibide moduan, Araban 15.000 pertsona bazterketa soziala pairatzeko arriskuan daudela eta gazteen langabezia-tasa % 47ra igo dela.

 

PP

Leopoldo Barreda PPren Bizkaiko zerrendaburuaren esanetan, Mariano Rajoyren Gobernua "inoizko inbestitzaile handiena" izan da Euskadin, Iñigo Urkullu lehendakariaren Exekutiboaren "gainetik".

Halaber, Abiadura Handiko Trenaren lanetan parte hartzen duten erakundeei "oztoporik ez jartzea" eskatu die, azpiegitura hori 2019rako bukatuta egon dadin, Sustapen Ministerioak aurreikusi bezala.

Bilboko Abando-Indalecio Prieto tren-geltokian eskainitako ekitaldi batean, 'Euskal Y'-a urte horretan Bizkaiko hiriburura iristeko konpromisoa berretsi du. "Lan handia eta arlo askotan egin behar izan da AHTa gauzatzeko", nabarmendu du.

Borja Semper PPren Gipuzkoako zerrendaburuaren iritzian, hauteskunde hauetan ?EAJren arduragabetasunaren edo PPren eraginkortasunaren artean aukeratu beharko dute herritarrek?.

Semper Donostiako parke teknologikoan izan da arratsaldean, zenbait enpresa eta Basque Culliynary Center bisitatu ditu.

?Legegintzaldi honetan, Espainiako Gobernuak Euskadin 400 milioi euro inbertitu ditu berrikuntzan, Espainia guztian inbertitutakoaren % 10ª, eta hori Euskadik eskumen hori transferituta daukala?, azpimarratu du.

Gauzak horrela, Espainiako Gobernuak Euskadirekiko konpromisorik ez duela esaterakoan, EAJ gezurretan ari dela salatu du.

 

Ahal Dugu

Nagua Alba Ahal Duguren Gipuzkoako zerrendaburuak lana bilatzeko atzerrira joan behar izan duten gazteak ?Euskadira itzultzeko? plan abian jartzeko beharrizana azpimarratu du, eta horretarako ?lan baldintzak hobetzea eta enplegu iraunkorrak eta kalitatezkoak sortzea? ezinbestekotzat jo du.

Ahal Duguk Hondarribiako aireportuan egin du ekitaldi politikoa, gazteei zuzendutako bere proposamena zein den azaltzeko.

Gazteen langabeziari eta ?erbesteratu ekonomikoei? aurre egin behar zaiola nabarmendu du Albak. ?Alperrik da gazteak trebatzeko dirua erabiltzea, gero beren ezagutza atzerrira eraman behar badute?, erantsi du.

 

UPyD

Rene Rodriguez UPyDren Arabako zerrendaburuak kritikatu egin du Botere Judizialaren Kontseilu Nagusiko (BJKN) eta Auzitegi Konstituzionaleko "kuota alderdikoiak", eta justizia despolitizatzea eskatu du, herritarren konfiantza berreskuratzeko.

Ohar batean, Rodriguezek azaldu du UPyDk hainbat neurri proposatuko dituela justiziaren organo nagusiak erreformatzeko. Hain zuzen ere, kideen izendapenak "epaileen eta fiskalen parte-hartzearekin" egitea bultzatuko du.

Nafarroa

Mariano Rajoyk azpimarratu du bera Espainiako Gobernuko presidente den bitartean "Nafarroako erregimen foralak indarrean" jarraituko duela beti. "Erregimen forala Konstituzioan dago eta batzuek ezabatu egin nahi duten arren, horrelakorik ez da inoiz gertatuko ni presidente naizen artean",  erantsi du.

Rajoy Iruñean izan da arratsalde honetan UPN-PP koalizioak egindako ekitaldi politikoan. "Nafarroa foral eta espainiarraren alde borroka egingo dut eta, ondorioz, Nafarroa forala eta espainiarra izatea nahi dutenen arteko adostasunak bilatuko ditut", nabarmendu du.

 

Bideoak (1)

Informazio gehiago (2)