Itxi

Hauteskunde orokorrak

36,5 milioi herritar baino gehiago daude boza ematera deituta

AGENTZIAK | ERREDAKZIOA

Horietatik 1,5 milioi hautesle berriak dira, eta 1,1 milioi emakumezko gehiago daude gizonezko baino. Bestalde, posta bidez emandako boto kopurua gutxienez % 12,7 hazi da.

Milioi eta erdi hautesle berri izango dira biharko hauteskunde-hitzorduan. Argazkia: EFE

36,5 milioi herritar baino gehiago daude boza ematera deituta igande honetan, xede izanik Senatuaren 208 senatariak eta Kongresuaren 350 diputatuak aukeratzea, horiek izango baitira, hain justu, Gobernuko presidente berria hautatuko dutenak. Hauteskunde orokorretan estreinatuko diren milioi eta erdi hautesle berri izango dira biharko hauteskunde-hitzorduan.

Estatistikarako Institutu Nazionalaren datuen arabera, Estatuan bizi eta bozkatzeko eskubidea duten herritarrak 34.635.680 dira. Gainera, beste 1.875.272 espainiar herritar atzerrian bizi dira. Guztira, erroldatuta dauden herritar kopurua 36.510.952 lagunekoa da.

Horren harian, 700.000 herritar inguruk (699.028 herritar, zehazki) posta bidez eman dute botoa ostegunera bitartean. Horrek esan nahi du posta bidezko bozketa gutxienez % 12,7 hazi dela oraingoan. Dena dela, posta bidez boza emateko epea ostiral honetako 14:00ak arte luzatu zuen Hauteskunde-Batzordeak. Hori dela eta, litekeena da kopuruak gora egitea.

% 4,3k hauteskunde orokorretan bozkatuko du lehen aldiz

Espainian bizi diren 1.583.560 gaztek hauteskunde orokorretan bozkatu ahalko dute lehen aldiz (herritarren % 4,3k). Bestalde, biharko hauteskunde-hitzorduan 1,1 milioi emakumezko gehiago daude gizonezko baino.

Kongresuko diputatuek Gobernuko presidente berria aukeratuko dute. Argazkia: EiTB

Hiru gurutze Senatuaren txartelean

Kongresuan ez beste, zerrenda irekien sistemaren bidez aukeratuko dira senatariak. Alderdi bakoitzak proposatzen dituen hautagaiak izango dira txartel berean, hiru gehienez jota. Hautesleek hiru izen hautatu beharko dituzte, baina alderdi berekoak ala alderdi desberdinetakoak izan daitezke.

Boza kopuru gehien lortzen dituzten lau hautagaiak senatari izendatuko dituzte. Eskarmentuak dioenez, hautesleek ez dituzte zerrenda irekiak erabiltzen, izan ere, alderdi bereko hiru hautagaiak aukeratzera jotzen dute. Ondorioz, eserlekuen banaketa oso txikia izaten da: alderdi bereko hiru senatari, eta laugarrena beste alderdi batekoa.

Hauteskunde-prozesua

Hauteskunde-egunaren amaieran bozak birritan zenbatuko dituzte: lehen aldiz, hauteslekuak itxi bezain laster, 20:00etan. Geroago, asteazkenetik aurrera, berriro ere zenbaketa orokorra egingo da probintzietako hauteskunde-batzordeetan.

Posta bidez bozkatu duten hautesleen bozak bihar 20:00etan sartuko dituzte hautetsontzietan, eta jarraian hauteskunde-mahaiko kideek bozkatuko dute. Ondoren, hauteskunde-mahaia itxitzat emango da eta botoen zenbaketari ekingo diote.

Txartelak guztien aurrean txikituko dituzte, ontzat eman ez direnak edo erreklamazioren batekin lotuta daudenak izan ezik (horiek artxibatuko baitira). Ondoren, zenbaketaren bilera-agiria prestatuko dute eta emaitzak publikoki jakinaraziko dituzte. Hauteskunde-mahaiaren kide guztiek akta hori sinatuko dute.

Esan bezala, asteazkenetik aurrera eta datorren larunbata baino lehen, bigarren zenbaketari ekingo diote, oraingoan probintzietako hauteskunde-batzordeetan (atzerrian bizi diren espainiar herritarren boza barne).

Igande honetako botoak birritan zenbatuko dituzte. Argazkia: EFE

Parlamentu-taldea sortzeko bideak

Datorren urtarrilaren 13an Gorteak osatuko dira eta, orduz geroztik, alderdiek bost egun izango dituzte Kongresuan eta Senatuan euren parlamentu-taldeak sortu ahal izateko. Izapide horiek konplikatuak izan daitezke legegintzaldi berrian, lurralde-hautagaitza anitza daudelako eta Kongresuan boza izateko borondatea baitute. Dena dela, Ganberako Mahaiaren esku egongo da azken erabakia.

Kongresuko Araudiaren arabera, bi bide daude parlamentu-talde sortu ahal izateko: batetik, hauteskundeetan gutxienez 15 eserleku lortzea; bestetik, gutxienez bost eserleku lortzea eta Estatu mailan botoen % 5 lortzea (edo hautagaitza aurkeztu zuen lurraldeetan gutxienez botoen % 15 eskuratzea).

Gauzak horrela, EAJk aise beteko ditu baldintza horiek, euskal hauteskunde-barruti guztietan botoen % 15 baino gehiago lortzen baitu. Amaiurrek, ordea, aurreko hauteskunde orokorretan ez zuen gutxienezko % 15 hori lortu eta, Kongresuko Mahaiak aginduta, Talde Mistoak hartu zituen Amaiurreko kideak.

Informazio gehiago (2)