Hauteskunde orokorrak
Behin-betiko lehen emaitzak 22:30ak aldera jakinaraziko dituzte
AGENTZIAK | ERREDAKZIOA
Soraya Saenz de Santamaria presidenteordearen eta Jorge Fernandez Barne ministroaren agerraldia aurreikusita dago ordu horretarako.
Hauteskunde orokorren behin-betiko lehen emaitzak 22:30ak aldera izatea espero du Gobernuak. Horren harian, Soraya Saenz de Santamaria presidenteordearen eta Jorge Fernandez Barne ministroaren agerraldia aurreikusita dago ordu horretarako, datu horiek jakinarazteko, hain zuzen ere.
Madrilgo Ifema azokaren pabilioi batean Gobernuak kokatutako Datuen Zentroaren informatzaileen aurrean azalduko dira Gobernuko ordezkari horiek.
Zentro horretan, hain justu, Komunikazio alorreko Estatu-idazkari Carmen Martinez Castro eta Barne Ministerioaren idazkariorde Luis Aguilera izan dira larunbat goiz honetan, biharko aurreikusita dagoen operatiboaren gaineko xehetasunak eskaintzen.
Martinez Castrok eta Aguilerak azaldu dutenez, parte-hartzeari buruzko datuak eskainiko ditu Gobernuak egunean zehar: 14:30ean eta 18:30ean, alegia. Gainera, hauteslekuen irekierari buruz informatuko dute hainbat alditan, lehena, 10:30ean.
1.700 agente gehiago
Bestalde, Martinez Castrok eta Aguilerak iragarri dutenez, Estatuko Segurtasun Indarren 91.702 agente guztira izango dira bihar lanean hauteskunde-egunean segurtasuna bermatzeko asmoz. Ondorioz, 2011ko hauteskunde-egunarekin alderatuta, 1.700 agente gehiago izango dira.
Alerta terrorista 4. mailakoa izango da lehen aldiz Espainian hauteskunde-hitzordu batean, hori dela eta, zabaldutako segurtasun maila "apur bat handiagoa da, baina ez gehiegizkoa, Barne Ministerioak agindutakoa, alegia", Aguilerak azaldu duenez.
Zehazki, Polizia Nazionaleko 28.803 agente eta Guardia Zibileko 44.221 agente zabalduko dituzte, polizia autonomikoarekin eta Babes Zibileko kideekin batera. Boza emateko eskubidea bermatuko dute guztiek.
o dute guztiek.