Abenduak 20
Ortuzarrek ziurtatu du EAJk ez duela Rajoyren inbestidura babestuko
AGENTZIAK | ERREDAKZIOA
EAJren EBBko presidentearen esanetan, lurralde eztabaida datorren legegintzaldiko gai nagusia izango da eta agenda politikoan nagusituko da.
Your browser doesn’t support HTML5 video
Andoni Ortuzar EAJren Euzkadi Buru Batzarreko (EBB) presidenteak ziurtatu duenez, EAJk ez du Mariano Rajoyren inbestidura babestuko eta, are gutxiago, atzo egin zuen "iraganeko hitzaldiarekin".
Onda Vasca irrati kateari eskainitako elkarrizketan, Ortuzarrek adierazi du Rajoyk ez duela Espainiako hauteskunde orokorretako emaitzen "irakurketa egokia" egin; izan ere, hauteskundeak irabazi baditu ere "kapital politiko izugarria galdu du". "Zeharo oker dago ez baldin bada ohartu funtsezko aldaketa izan dela herrialdearen mapa politikoan eta soziologia politikoan", gaineratu du.
Hori dela eta, Ortuzarrek uste du Rajoyk ezin duela 123 diputaturekin gehiengo absolutua zuenean bezala gobernatzeko nahia izan eta "ezin ditu beste alderdi politiko batzuk bahitu Espainiaren batasuna ziurtatzeko modu bakarra dela uste duelako".
Ortuzarrek iragarri duenez, lurralde eztabaida gai nagusia izango da datorren legegintzaldian eta "hori nabari da Rajoyren lehen adierazpenetan eta PSE-EEren baroien hitzetan". Ortuzarren hitzetan, "Espainia handi eta bakarraren inguruan elkartu dira eta ez dago modurik euskaldunen eta katalanen erabakitzeko eskubidearen inguruan hitz egiteko modurik".
Halaber, lurralde eztabaida agenda politikoan nagusituko dela uste du, katalanek eta euskaldunek ez ezik, "hauteskundeetan babes zabala jaso duten alderdi politiko berriek" (Ahal Duguri erreferentzia eginda) ere erabakitzeko eskubidea aldarrikatzen dutelako. Hori dela eta, "ezingo dute beste lau urtez ostrukarena egin".
Bestalde, EAJko buruzagiak nabarmendu du EAEn izandako hauteskunde emaitzak "ezohiko egoera batean" jazotako "ezohiko" emaitzak direla eta ez direla "berriz errepikatuko" eta urak bere onera itzuliko direla.