Kanpaina itxiera
Bozetan 'Euskadiri bultzada bat ematea' eskatu du Ortuzarrek
AGENTZIAK | ERREDAKZIOA
Aitor Estebanek "konfiantza" eskatu du, EAJren "lehentasun bakarra" euskal gizartearen "interesak" direlako.
Your browser doesn’t support HTML5 video
Andoni Ortuzar EAJko presidenteak deia egin du igandean ez bozkatzea "Rajoyri ostikada bat emateko", baizik eta "Euskadiri bultzada bat emateko". Halaber, "Podemos EH Bildu berria" izan daitekeela ohartarazi du, eta alderdi ezkertiarrak "proiekturik ez duela ohartzeko" "lau urteko desgobernua sufritu" ote behar diren galdetu du.
Alderdi jeltzaleak Bilboko Arriaga Plazan egin du hauteskunde kanpaina ixteko ekitaldia. Bertan, "burua" erabiltzea eskatu die boto-emaileei. "Ez bozkatu iraganaren alde, bozkatu etorkizunaren alde", gaineratu du.
Burukideak "buruan Euskadi dutenen, Euskadiren alde lan egiten dutenen eta hemengo arazoei konponbideak bilatzen dizkietenen alde" bozkatzea eskatu du. "Igandean, eman boto berdea, ikurrinaren eta itxaropenaren berdea, Osakidetzako profesionalen baten berdea, kaleak garbi mantentzen dituztenen jantzien berdea”, nabarmendu du.
Bestalde, Iñigo Urkullu lehendakariak adierazi du EAJ "Euskadiren interesak, autogobernua eta euskal industriaren inbertsioak defendatzera" joango dela Madrilera, eta "LOMCEren, lan erreformaren, koordainketen eta murrizketen inposaketak galarazteko".
Horren esanetan, alderdi jeltzaleak "aise irabazi" du "euskal agendaren kanpaina". "Euskal agenda erabilgarria da Euskadirentzat, eta EAJren aldeko botoa erabilgarria da egonkortasunarentzat, gobernu onarentzat, industriarentzat, osasunarentzat, bakearentzat…", laburbildu du.
Horregatik, EAJren aldeko botoa "erabakigarria" izango dela uste du. "Euskadi hazten jarraitu nahi duen Nazioa da. Hazteko hemen, Madrilen eta Bruselan lan egin beharra dago. Ikurrina Madrilera eta Bruselara eraman beharra dago".
Aitor Esteban Kongresurako Bizkaiko zerrendaburuak "konfiantza" eskatu die euskal herritarrei, EAJren “lehentasun bakarra” euskal gizartearen “interesak” direlako.
Bandera "urdinen, gorrien eta moreen aurrean", Euskadirena "gorria, zuria eta berdea" dela aldarrikatu du. "Euskadi Nazio ezberdina da, Madrilen menpera ez dagoena", nabarmendu du.